MMAn urrats handiak egiten ari da Yaman Mahjed (2-0-0) arrasatearra; izan ere, WOW14 eta WOW15 jaialdietan garaipen bana lortu ostean, Bilbo Arenan jokatuko den WOW16 jaialdiko borroka nagusietako bat jokatuko du.
Bereari begira
Zaragozako borrokalari Richar Jacome La Pantera-ren aurka lehiatuko da Arrasatekoa, Bantamweight kategorian, 61,2 kilotan. La Pantera-k jokatu duen borroka bakarra irabazi du, baina Mahjedek dio hari irabazteko gakoa izango dela arreta norbere lanean jartzea: "Gustatzen zait arreta jartzea nik egiten dudan horretan. Nire helburua da orain arte ikusi ez den bertsio bat erakustea; bai teknikoki, baina baita fisikoki eta mentalki ere".
"Izugarria izango da"
Yamanek dio WOW16 jaialdia Bilbon egingo dela iragarri zenean "mugikorra sutan" izan zuela ezagutzen ez duen jendearen "babes mezuekin": "Madrilen borrokatzen dudanean etxean bezala sentitzen banaiz, ez dut imajinatu ere egin nahi zer gerta daitekeen Bilbon; izugarria izango da". Gaur-gaurkoz, sarrera gutxi batzuk besterik ez dira gelditzen.
Debagoieneko ordezkaritza
Yaman ez da jaialdiko debagoiendar bakarra izango; izan ere, Aretxabaletako Rachid Archaouik debuta egingo du profesionaletan Luca Biusoren aurka; Fabrizzio Zapata antzuolarra Isai Villamurren aurka borrokatuko da profesional mailan; eta Iker Davila arrasatearrak, amateur mailan, Marouane Nassiriren aurka jokatuko du.