Itaiak uste du Arrasateko tabernan agertutako kamera horren helburua pertsonak biluzik grabatzea zela, "eta horrela, inolako onarpen gabe intimitatearen aurka egitea". Mota horretako erasoak salatzea "ezinbestekoa" ikusten du Itaiak eta hori adierazi du gaurko elkarretaratzean.
Matxismoaren eraginak eta ondorioak Arrasaten zein Euskal Herrian "egunerokoan" bizi dituela herritarrak adierazi du Itaiak, "gutxiespenak, irainak, sexu eta intimitate erasoak..." adibidez, eta egun anonimoasunetik egiten direnak ere "oso larritzat" hartzen dituela gaineratu du, gehituz "erasoen presentzia ez ezik, eraso hauen zein gure zapalkuntzaren ukapena ere geroz eta zabalduago" daudela. Indarkeria matxistaren aurka borratu beharra dagoela esan du Itaiak eta "erasotzaileak anonimotasunean ezkutatuta gelditu nahi duten arren, hauen inpunitatearen aurka borrokatzen jarraituko dugu".
Arrasateko tabernariek eta Udalak ere "gogor" salatu eta "oso larritzat" jo dute herriko taberna batean kamera jarri izana.