Robinson Castañeda 'Kornelio': "Ahalik eta organikoen islatu nahi izan ditut emakumeak"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ots. 16a, 08:12

'Kornelio' argazkialaria. Argazkia: Miguel Puente 'Miki'.

Kajoi tabernan Ellas erakusketa ireki du Robinson Castañedak (Medellin, Kolonbia, 1984), argazkiak Kornelio izen artistikoarekin sinatzen dituen argazkilariak. Hiru urte daramatza Castañedak Arrasaten bizi izaten, eta gaur egun argazkilaritza du zaletasun nagusi; horren adibide da Artgazki elkarteko kide ere badela. Otsailaren 28ra arte dago ikusgai erakusketa.

Askotariko emakumeak protagonista dituen 16 argazkiz osatua da erakusketa.

Ellas jarri diozu izenburu erakusketari; zer erakutsi nahi duzu?

Emakumeak dira protagonista erakusketa honetan, eta hortik datorkio izenburua. Emakumea arlo edota egoera askotan islatu daiteke, eta erakusketa honetan hainbat egoeratan erakutsi nahi izan ditut; badira artistikoak diren argazki batzuk, badira oldarkorrak diren beste batzuk eta badira, bereziki, errebeldeak direnak. Izan ere, emakumearen alderik errebeldeena islatzen saiatu naiz, bereziki.

Nola islatu duzu errebeldia hori?

Hasieratik erronka nagusia izan da protagonistaren naturaltasuna lortzea, hura den moduan islatzea. Erretratua ateratzeko orduan nire asmoa izan da ahalik eta argazkirik organikoena ateratzea; esate baterako, inperfekzioak ageri badira, saiatu naiz inperfekzio horiek diren moduan erakusten, ezer estali edo disimulatu barik. Naturaltasuna lehenetsi dut.

Lehen aldia izan da Kajoi tabernan erakutsi duzuna? Nola heldu zitzaizun horretarako aukera?

Kajoi tabernan lehen aldia da, bai. Euskal Herrian jarri nuen lehen erakusketa ere Arrasaten izan zen, Irati tabernan; kasu hartan, erakusketaren gaia zuzeneko kontzertuak izan ziren. Artgazki elkarteko kide ere banaiz, eta niretzat ohorea izan da erakusketa honen bidez elkartea ordezkatu ahal izatea.

Zein harrera izan du azken erakusketak? Gustatu zaio jendeari?

Heldu zaizkidan kritiken artean azpimarratu didatena da ez dela erakusketa ohiko bat eta argazkiek zerbait berezia transmititzen dutela; naturaltasuna, bereziki. Ezer gaineratu nahiko zenuke? Herritar oro gonbidatu nahi dut Kajoi tabernara, tarte bat har dezaten nire argazkiak ikusteko. Ea zer sentitzen duten...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak