Hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen "arkitektura juridiko berri bat" aldarrikatu dute

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko ots. 12a, 18:58

Elkarretaratzera batu diren hainbat herritar, atzean pankarta ikusten dela.

Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokoloa-k deituta elkarretaratzea egin dute Herriko Plazan. Borobilean jarri dira herritarrak, Hizkuntza eskubideak euskaldunontzat, erasorik ez! pankartaren lelopean.

Sententzia "euskarafobo eta atzerakoiak" salatu dituzte elkarretaratzean eta hau adierazi dute: "Euskararen kontrako sententzien kateak ez du etenik. Donostiako Udalaren hizkuntza politika deuseztatu gura duen erabaki judiziala dugu azkena. Sententzia horren arabera, Udalari dagokio udaltzain gisa aritzeko B2 hizkuntza maila erabat nahitaezkoa dela frogatzea". Eta horren aurrean galdera hauek iradoki dituzte: "Euskara nahitaezkoa dela frogatu behar dugu? Ez al dira nahikoa herri eta herritar euskaldun gisa ditugun eskubideak? Ez al da nahikoa udalek euren hizkuntza politikak erabaki eta egikaritzeko dituzten eskubidea eta eskumena?".

Salatu dute, Donostiako udalak ez ezik, Astigarragakoak eta Usurbilgoak ere jaso dutela helegite bana, udaltzain berriak aukeratzeko egin dituzten azken deialdien kontra. Gaineratu dute, bi kasu horietan, epaileek "gehiegizkotzat" jo dutela haien hizkuntza eskakizuna eta hiru sententzia horiek "oso larriak" direla: "Udaltzainek herritarrekin harreman zuzena dutelako eta euren lanpostuak herritarren segurtasunari lotuta daudelako".

Beste hau ere salatu dute: "Gogor salatu behar da botere judizialaren injerentzia, udalen eskumena delako langile publikoei dagokien hizkuntza eskakizuna zehaztea, hizkuntza eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren hizkuntza politikak erabakitzea eta aurrera eramatea".

Horregatik guztiagatik, aldarrikatu dute "gure eskubideak egiazki bermatuko dituen arkitektura juridiko berri bat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak