Euskal Herrian harrera sare-zerbitzu integral bat gauzatzen duten edo harrera egitasmoak bermatzeko lanean diharduten hainbat zerbitzu eta kolektibok parte hartuko dute Euskal Herriko Harrera Sareak izeneko mahai-inguruan. Alde batetik, Txatxilipurdiren baitan sortu zuten Zuaz kulturartekotasun laborategiko kideak egongo dira. Izan ere, nerabeen harrera lantzen duen egitasmoa da Zuaz. Bestalde, Bergarako herriko familia enbaxadoreen sarea, Irungo Harrera Sarea eta Arrasateko Harrera Zerbitzua ere izango dituzte hizpide.
Mahai-inguruan, proiektu eta sareen hastapenak, ibilbideak, aurkitutako oztopoak, etorkizuneko erronkak eta euskararen erabilera zein protagonismoa aztertuko dituzte.
Publikoa ahalik eta pluralena izateko, itzulpen zerbitzua egongo da euskaratik gaztelerara eta euskaratik arabierara. "Era berean, zaintza zerbitzua ere eskainiko dugu Txatxilipurdiren eskutik", adierazi dute Ekineko kideek.