Mejillon Tigre taldearen poesia saio berezia, gaztetxea girotzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ots. 11a, 09:32

Mejillon Tigre taldearen 'Hitz esana' ikuskizuna, Usurbilgo Emakumeen Etxean. Argazkia: Noaua.

Kooltur Ostegunak ekimenaren eskutik, 'Hitz esana' poesia emanaldia ikusiko ahalko da hilaren 13an, 22:00etan, Arrasateko gaztetxean.

Proposamen bereziki ezberdina dakar Kooltur Ostegunak ekimenak otsailaren 13rako; gaztetxean, 22:00etan; sarreraren prezioa, zazpi euro. Eider Adeletxek eta Ane Zubeldiak osatzen duten Mejillon Tigre kolektiboa gonbidatu dute, Hitz esana emanaldia egin dezan. Eider Perez eta Ane Garcia izenez ere ezagutuko dituzte askok; bi sortzaileek, euren literatur lanak argitaratzeko, amamen abizenak baliatzen dituzte.

'Spoken word' formatua

Sormen-lanak kolektibotasunetik landu eta plazaratzeko asmoz sortu dute Mejillon Tigre, baina aurretik ere elkarrekin jardunak ziren. 2016tik 2019ra, Autobiographikal emanaldiarekin aritu ziren, munduko emakume poeten lanak euskaraz errezitatu eta antzezten.

Orain esku artean duten Hitz esana ere poesia da, spoken word formatua darabilena. Honela azaldu dute bi sortzaileek: "Spoken word delakoa, batez ere, ingeles hiztunak diren herrialdeetan landutako poesia-molde konkretu bat da: ahoz gora esateko idatzitako poesia; errepikari, erritmoari eta hitzen soinuari arreta berezia ematen dion poesia; entzulearekin zuzen-zuzenean komunikatu nahi duen poesia; gorputzaz ahazten ez den poesia; esan egiten den poesia; momentuan gertatzen den poesia".

Kooltur Ostegunetan kontzertuak badira ere ekitaldi ohikoenak, oraingoan poesia izango da protagonista; betiere, musikaz lagunduta. Bi sortzaileak zeharkatzen dituzten bizipenak dira aurkeztu dituzten testuen oinarri: etxebizitza, sexu-indarkeria, gorpuztasuna, idoloak eta erreferenteak, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak