Aste honetan hasi dituzte Zerrajerako arkua berritzeko azken lanak. "Egiturari eragiten zioten lanak egin ostean, pintaketa eta azpiegitura lanak burutzen ari dira", dio Udal Gobernuak. "Besteak beste, egoera txarrean dagoen ur kanalizazio berria jarriko da, eta aterpearen fatxadak eta teilatupea garbitu eta margotuko dira".
Lanak bukatzean, arkuaren itxura orain artekoa izango da, barruko partean izan ezik. "Gaur egun berdea den sabaia, grisa izatera pasako da, jatorrizko eraikinaren estetikara gerturatzeko".
Lanek bost aste iraungo dute eta, Gobernuak nabarmendu duenez, baliteke trafikoan noizbehinka eragina izatea. Dena den, kasu horietan, trafikoaren bi norabideak mantenduko direla ziurtatu du, trafikoa txandaka bideratuz. Lanak gauzatzeko aurrekontua 44.727,89 eurokoa izango da (BEZ barne).
Beste hiru esku-hartze
Zerrajerako arkuaz gain, herriko beste hiru ondare historiko birgaituko dituzte aurten. Gobernuak dio Arrasateko ondare historikoa zaintzeko eta mantentzeko ahaleginean ari dela urtez urte, eta lan horretan jarraitzen dutela. "Iaz Markuleteko labearen jabetza eskuratu zuen Udalak, eta hura konponduko dugu aurten. Horrez gain, Portaloiko eta Kontzezinoko arkuak berrituko ditugu, mantenu eta garbiketa lanak eginez", adierazi dute Udal Gobernuko ordezkariek.
Gobernuak azpimarratu duenez, mantentze lan horiek delikatuak izan ohi dira, eta "lanketa berezia" behar dute.