Ekimenarekin bat egin duen establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. "Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan dendariek, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa", azaldu dute Udaletik. "Modu horretan, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira, eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten".
Aurten, Euskal Herri osoko hamabi herrik ospatuko dute Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna Elhuyarrekin batera: Abanto-Zierbena, Arrasate, Arrigorriaga, Azkoitia, Barakaldo, Bilbo, Donostia, Durango, Elgoibar, Ordizia, Iruñea eta Irura. Hala, 218 saltokik parte hartuko dute ekimenean.
Ginkana ere bai
Era berean, herritarrek ginkana batean parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, mugikorrean Actionbound aplikazioa instalatu eta, dendaz denda, hamabi emakumeren kartelak bilatu eta bertako QRak eskaneatu beharko dituzte. "Emakumeen kartel bakoitzeko QR kodea eskaneatuta, emakume horren inguruko galdera bati erantzun beharko diote, horrela, saltokiz saltoki, galderak guztiak erantzun arte", adierazi dute. Ginkana osatzen dutenen artean, 30 euroko hamar bonu zozketatuko dituzte.
Hamalau saltoki Arrasaten
Arrasateko saltoki parte-hartzaileak honako hauek dira: Toñi y sandra ile-apaindegia; Laztana; Eguzkilore ikuztegia; Bea Lentzeria; Portaloi optika; Azulmarino Arrasate; Sikol lentzeria; Eskuz; Beinke; Josle; Elena Moda; Zarugalde Farmazia; Kapikua eta Kids&Us Arrasate.
Hamaika emakume zientzialari
Honako emakume hauek omenduko dituzte ekimenaren bitartez:
- Amena Karimyan (Herat, Afganistan, 1996). Astronomoa, aktibista eta idazlea.
- Dorotea Barnés González (Iruñea, Nafarroa, 1904-2003). Kimikaria.
- Halet Çambel (Berlin, Alemania, 1916-2014). Arkeologoa eta eskrimalaria.
- Harriet Martineau (Norwich, Erresuma Batua, 1802-1876). Ekonomialaria eta soziologoa.
- Jeanne Baret (La Comelle, Frantzia, 1740-1807). Botanikaria.
- Lurdes Ansa Maiz (Andoain , Gipuzkoa, 1961). Zientzia-materialen edizio-arduraduna.
- Margaret Crane (Indiana, AEB, 1941). Publizista eta asmatzailea.
- Maria Jesus Esteban Galarza (Alonsotegi, Bizkaia, 1955). Matematikaria.
- Nawal El Saadawi (Kairo, Egipto, 1931-2021). Medikua, idazlea eta aktibista.
- Patricia Rodríguez Brennan (Bogotá, Kolonbia, 1971). Biologo ebolutiboa.
- Suzuko Ainhoa Tamura (Aichi, Japonia, 1934-2015). Hizkuntzalaria.
- Uxue Lazkano Dobao (Bergara, Gipuzkoa, 1995). Biologo konputazionala.