Donostian ikasi zenuen; zer jaten da Sukaldaritza ikasle baten ikasle-pisuan?
Ikasleen soldata ez da altua; horrenbestez, bizirik irauteko adina prestatzen genuen. Hainbat tokitakoak ginen, eta jateko ohitura ezberdinak genituen. Ospakizun berezietan, baina, lau chef elkartzen ginenean, gauza kuriosoak egiten genituen; euskaldun-korear eta euskaldun-amerikar afariak, esate baterako.
Sukaldaritza afizioz ala ofizioz duzu gustuko?
Afizioz, betidanik. Sukaldaritza ofizioa oso zaila da; denbora luzea eta indar handia behar da. Kontuan izan nuen hori, baina sukalde batean lanean hasi arte ez zara ohartzen estres eta adrenalina hori egunero bizitzea zer den.
Lagunekin bazkari bat egin beharko bazenu, zuk ala beste batek kozinatzea duzu nahiago?
Gehienetan, nik kozinatzen dut, baina ondo dago jendea sukaldera laguntzera etortzea; patatak zuritzera bada ere. Gustatzen zait denok sukaldean egotea hitz egiten eta trago bat hartzen. Sukaldaria sukaldean sartuta eta gainontzekoak kanpoan egonez gero, xarma galtzen du, badirudielako eurentzako lanean ari zarela.
Gaur egun, modan daude ezohiko osagaiekin egindako hanburgesak; sukaldaritza berritzailea ala hondatzailea da?
Kontu horrekin sartzen gara moden munduan. Sukalde modernoetan betidanik jolastu izan da zaporeekin eta testurekin, eta jolas hori street food mundura sartu da orain. Arraro samarra eman dezake, baina, era berean, bada bezeroak eskatzen duen zerbait. Pantera Rosa duen hanburgesa modan jarri eta jendeari gustatu egiten bazaio... Ulertzen dut jendea harritzea, baina, era berean, iruditzen zait izan daitekeela goi-mailako sukaldaritzaren isla, betidanik egin den zerbait da eta.
Mendia gustuko duzu; zer janari ez litzateke faltako ibilaldi batean?
Betikoa: ogitartekoa eta fondan salda beroa edo txorizo egosia beti dira erakargarriak. Kirola egin ostean, fruta freskoa edo txokolatea jango nuke.
Non irudikatzen duzu zeure burua etorkizunean?
Gradua bukatu baino lehen banekien ez nuela sukaldari izan nahi; ez nago halako ofizio batean lan egiteko prest. Zientziaren arloan mundu berri bat ezagutu nuen; eta etorkizuna bertan irudikatzen dut.
MOTZEAN
Kozinatzeko zailena? Ezer ez da zaila.
Janari gustukoena? Etxekoa den guztia.
Sekula jango ez zenukeena? Denetik jango nuke.
Gastronomia-mota bat? Asiakoa.
Haragiaren puntua? Oso gutxi eginda.
Etsaiari zer plater sukaldatuko zenioke? Zapore bako edozer.