Uarkapen 246 panel fotovoltaiko jartzeko lanei ekin die Udalak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urt. 30a, 09:04

Uarkape pilotalekuaren sabaian hasi dituzte eguzki plakak jartzeko lanak. Irudia: Udala.

Lau hilabeteko epea izango dute lanek, eta eremu horretan sortutako energia guztia udal eraikinetara bideratuko da. Trantsizio energetikoan egin beharreko urratsetako bat dela uste du Udalak.

Uarkape pilotalekuaren sabaian 246 panel fotovoltaiko jartzeko lanei ekin dei Arrasateko Udalak. Kepa Urteaga zinegotziaren hitzetan, instalazio horrek 137,76 kilowatt-eko eremu fotovoltaikoa sortuko du: "Modu praktikoan ulertzeko, instalazioak 140.000 kilowatt-orduko ekoizpena emango duela kalkulatzen da, 46 etxebizitza inguruk kontsumitzen duten energia ekoizpena izango litzatekeena".

Eremu horretan sortutako energia guztia udal eraikinen kontsumora bideratuko da, baina, batik bat, Uarkape pilotalekura; baita inguruan dauden azokara, Amaia antzokira, Kulturatera eta argiteria publikora ere. Horretarako, Urteagak azaldu du "eguzki-panelerako inbertsorea edo inbertitzaile fotovoltaikoa" ezarriko dituztela, "autokontsumorako instalazio baten elementu garrantzitsuenetako bat: inbertsore horrek plaka fotovoltaikoetan jasotako energia, energia erabilgarri bilakatzen du. Behin energia erabilgarria dela, eraikin publikoetara bideratuko da kontsumorako".

Urratsak egiteko beharra

Urteagaren arabera, "ezinbestekoa" da trantsizio energetikoaren aurrean aurrerapausoak ematea eta "energetikoki jasangarriak diren sistemetara jauzi" egitea: "Uarkapeko plaka fotovoltaikoak jasangarritasunaren bidean kokatzen gaitu". Erantsi duenez, erabakia, gainera, ez da isolatutzat ulertu behar: "Baizik eta bestelako neurri eta erabakien batera; izan ere, aurrerantzean egingo diren azpiegitura guztiek irizpide jasangarriak betetzea ezinbestekoa izango da".

Lanek lau hilabeteko epea izango dute, eta pausoka egingo dira: lehendabizi, plakak eusteko egitura instalatuko dute, eta jardun horretan dihardute egun, gerora eguzki plakak instalatu ahal izateko. "Behin plakak instalatuta, moduluak elkarrekin konektatuko dira, serie elektronikoen planoari zorrotz jarraituz; lan delikatua da, konexioak ondo eginak egotea ezinbestekoa izango baita energiaren aprobetxamendurako".

110.924,12 euroko aurrekontua dute lanek, eta Iniciativas de Tecnologia y Sostenibilidad SL enpresak egingo ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak