Taldea indartzeko fitxaketa garrantzitsua egin du Ointxe!-k, ACB mailan jokatzea zer den badakien Asier Zengotitabengoa gasteiztarra batuko da-eta talde morera. "Poz handiz jakinarazten dugu Asier Zengotitabengoak gure Hirugarren Mailako FEB taldearekin bat egingo duela gaurtik aurrera. Ibilbide luzea du bai estatuko zein nazioarteko ligetan, eta Asierrek esperientzia, kalitatea eta lidergoa ekarriko ditu, kantxan zein kantxatik kanpo", adierazi dute Ointxe!-tik.
Zengotitabengoa Bartzelonako eta Pamesa Valentziako harrobietan zaildu zen jokalari moduan, eta 2006an iritsi zen saskibaloiko maila gorenera, Lagun Aro Bilbao Basketekin ACBn jokatu zuen-eta. Bi denboraldi egin zituen talde horretan, eta ondoren hainbat taldetan jokatu du, bereziki urrezko LEB mailan (Lobe Huesca, Caceres, C.B.Canarias, C.B. Coruña, Andorra...). Eta, 2023an Mallorcako Palmer Basket-ek fitxatu zuen. "Ilusio handiarekin nator Ointxe! Mondragon Unibertsitatera. Filosofia berezia duen kluba da, eta giro bikaina du. Taldeari denboraldi honetan laguntzea espero dut".
Oraingo asteburuan Mondragon Unibertsitateko bi talde nagusiek etxean jokatuko dute, Iturripen. Eta klubetik dei egin diete zaleei, taldeak babestera joateko. Emakumezkoek zapatuan 18:30etan CEEB Tordera Blanes hartuko dute (18:30), eta gizonezkoek domekan (18:30) Grupo Santiago Burgosen kontra jokatuko dute.