Otsailean abiatuko dute ludoteka ibiltaria, urtero moduan, Musakolan. Lehen saioa zapatu honetan egingo dute, institutuko patioan, 11:30etik 13:30era, eta ludoteka zerbitzuaz gozatzeko aukera izango dute 3 eta 12 urteko haurrek, baita haien guraso edo arduradunek ere. Horretarako, Txatxilipurdiko hezitzaileak egongo dira eta "askatasunez jolas egiteko gune" gisa deskribatu dute egitasmoa antolatzaileek.
Ekintzei dagokienez, parte-hartzaileekin adostutakoak izango direla azaldu dute Txatxilipurdiko kideek, betiere, euskaraz. "Aisialdi hezitzaile euskaldunaz gozatzeko aukera paregabea da ludoteka ibiltaria. Sormena garatzea, harremanak egitea, parte-hartzea sustatzea, naturarekin harremantzea eta beste hainbat helburu hezitzaile ditu egitasmoak".
Saio guztiak 11:30ean egingo dituzte eta, aurtengoan, gune aldaketa da berrikuntza nagusia. Izan ere, Musakolaren ostean, Erguin izango da bigarren geltokia eta hirugarrena eta azkena, aldiz, Txaeta. Azken horretan, berria izanik, hiru saio egingo dituzte, lau beharrean.
Honako hau da ludoteka ibiltariaren egutegia:
- Musakolan: otsailak 1, 8, 15 eta 22.
- Erguinen: martxoak 1, 8, 15 eta 22.
- Txaetan: martxoak 29 eta apirilak 5 eta 12.