'Kontukantari' ibiliko dira Amaia antzokian

Julen Murua Mesonero 2025ko urt. 24a, 10:30

'Kontukantari 3: zimurren artean' ikuskizunaren une bat.

La Enana Naranja elkarteak sortuta, aitona-amonak omentzea helburu duen 'Kontukantari' ikuskizunaren hirugarren aldia abiatu zen duela urtebete. Amaia antzokian egongo da hura ikusteko aukera, zapatuan, 17:00 hasita, bost eurotan.

La Enana Naranja txotxongilolari elkarteko kideak izango dira zapatuan Amaia antzokiko oholtzako protagonistak; izan ere, Kontukantari 3: zimurren artean lana antzeztuko dute txotxongilolariek; Kontukantari antzezlanaren hirugarren pasartea. Emanaldia 17:00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude, bost eurotan, Arrasateko Udalaren webgunean (arrasate.eus).

Hirugarren aldia

Kontukantari ikuskizun bakoitzean euskal kantez osatutako abesti-zerrenda bat interpretatzen dute aktoreek. 2014an estreinatu zuten, eta orduko abesti ezagunenak eraman zituzten oholtza gainera. "Harrera izugarria" izan zuela dio ikuskizunetan abesteaz arduratzen den Sandra Fernandezek. 2017an egin zuten bigarrena, eta duela urtebete estreinatu zuten hirugarren Kontukantari emanaldia. Hirugarren hori aurretik egindako bi ikuskizunekin alderatuta "abestien eta dramaturgiaren artean harreman handiagokoa eta serioagoa" dela dio Fernandezek: "Gure seme-alabak hazten hainbeste laguntzen diguten aitona-amonei omenaldia egitea izan zen asmoa. Abiapuntua da neskato bat amonarekin geratzen dela amak lanera joan behar duelako; orduan, baserriko ganbarara joaten dira, eta amonak bere arbasoen istorioa kontatzen dio. Gure arbasoen historiari egindako omenaldia da, baina txotxongiloek kontatuta; haurrentzat atseginagoa izan dadin".

Euskal abestietan oinarrituta

Kontukantari-ren hirugarren ikuskizunerako hainbat musikariren abestietan oinarrituko direla dio Fernandezek; besteak beste, "Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak, Su Ta Gar taldearen Hitz margotuak eta Loa-loa lo-kanta interpretatuko ditugu".

Orain arteko harrera, "oso ona"

Urtebete baino gehiago daramate La Enana Naranjako kideek Kontukantari 3: zimurren artean lanarekin, eta ikuskizunak orain arte izan duen harrera "oso ona" izan dela aitortu du Fernandezek: "Ez da jai giroko Kontukantari ikuskizun bat, eta horrek beldurtu egiten gintuen hasieran. Hala ere, oso harrera ona izan du, eta aurreko bi ikuskizunak ikusi zituztenei ere ekarpena egin diezaiekeen ikuskizun bat da". Hala, arrasatearrak "Amaia antzokira joatea" espero duela dio Fernandezek.

Ekitaldiz betetako asteburuak

Zapatuan egingo den Kontukantari3: zimurren artean emanaldiaz gain, beste hainbat antzezlan eta kontzertu egongo dira datozen asteetan Amaia antzokian. Antzezlanak, pelikulak eta kontzertuak egongo dira antzokian, eta horien guztien artean nabarmentzen dira Arizona, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek antzezten duten eta Kepa Errastik zuzentzen duen lana; eta Olaia Inziarte abeslari nafarraren kontzertua. Arizona otsailaren 2an izango da, igandea, 19:30ean hasita –sarrerak, 10 eurotan–. Olaia Inziarteren kontzertua, berriz, martxoaren 9an izango da, igandea, 19:30ean hasita –sarrerak, 15 eurotan–. Bi emanaldi horietarako –eta gainontzeko emanaldi guztietarako– sarrerak salgai daude Arrasateko Udalaren webgunean (arrasate.eus).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak