Mondragon Unibertsitatea Txinako Katedraren Sarietan izan da, "nazioartekotzan eta Txinarekin hezkuntza-lankidetzan egindako lanarengatik" saria eskuratu baitu Akademia arloan. Bixente Atxak, Mondragon Unibertsitateko errektoreak, jaso du saria, eta euren zentroak Txinarekin hogei urtez izan dituen "mugarri nagusiak" aipatu ditu, "LEINN Lidergo Ekintzailetza eta Berrikuntza gradu berritzailearen ezarpena eta eragin globala barne" hartuta.
Haren hitzetan, hezkuntza eta berrikuntza izan dira Txinarekiko harremanak sustatzeko giltza, eta mugarrien artean aipatu ditu, besteak beste, LEINNeko zortziehun ikaslek Txinara eginiko ikasketa bidaiak, eta MUko berrikuntza eta ekintzailetza masterretan trebatu diren 150 profesional txinatar baino gehiago.
Harremana sendotuz
Sariak "iraganeko ahalegina aitortzeaz gain", Atxak azaldu du Mondragon Unibertsitatea "aurrera egitera bultzatzen" duela, "munduak konektatzeko, eta hezkuntzaren eta berrikuntzaren bidez eragin positiboa sortzeko misioan". Are gehiago, erantsi du sari hau bien arteko "harremanak sendotzen jarraitzeko" bidea dela: "Hasiera besterik ez da. Gaur, Txinarekin batera proiektu estrategikoak garatzen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu".