Bi lan berri aurkeztu ditu gaur, hilak 23, Sergio Ruiz Sertx musikariak: Kantu Madarikatuak I eta Kantu Madarikatuak II. Lehenengoa, "intimistagoa" dela dio, "bakarkakoa, biluzia", eta bigarrenak, aldiz, "elektronika ukituak" dituela, "instrumentuz josita baitator, oso betea". Haren hitzetan, azalak eta musikak bereizten ditu bi lanetan, baina "euren arteko elementu bereziena lanen mamia" da: "Mina. Kantuak idaztean arantzak kendu ditut, terapia izan da, eta erraiak urratzean sortzen den zauria kantuekin bete dut". Bide hori guztia, ordea, ez du bakarrik egin, alboan izan baititu Eñaut Gaztañaga eta Josu Montero ekoizleak.
Eraso taldeko musikaria izan da urtetan Sertx, baina, hamar diskoren ondoren, bakarkako bideari ekiteko hautua egin zuen, "bere kantu pertsonalenak mamituz" eta izen artistikoari eutsiz. Enarak itzuli dira (2019) diskoa izan zen bere bakarkako lehena, Gari Berasaluzeren poemak musikatuz folk eta pop ilunarekin; bigarrena, berriz, Leihotik mundura (2021) izan zen. "Orain, elementu horiei ukitu elektronikoak gehitu dizkiot lan berrian".