Elkarlanean, "pantailen erabilera osasuntsu eta arduratsu baterantz"

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko urt. 22a, 12:24

Iazko ekainean Monterronen aurkeztu zuten Altxa Burua Arrasate taldea.

Altxa Burua Arrasatek eta Arrasateko Udalak elkarlanean, Komunitatea eredu: pantailen erabilera osasuntsu eta arduratsu baterantz jardunaldiak antolatu dituzte, "gaur egun pantailek duten eragina aztertu eta erabilera horrek eragindako albo-kalteei nola erantzun jakiteko asmoz".

Altxa Burua Arrasatek eta Arrasateko Udala arduratuta azaldu dira pantailen erabileraz eta horrek dakartzan ondorioez. "Azken hamarkadan, bi errealitaterekin egin dugu topo: lehena, mugikorrarekin dugun harremana, menpekotasun hitzarekin definitu daitekeena, eta bigarrena, adingabeen artean buru gaixotasunek izan duten hazkunde nabaria. Bi errealitate horiek eskutik doaz nahi baino neurri handiago batean eta ZEOS programa guzti horri argia jartzera dator", adierazi dute antolatzaileek.

Hori dela eta, jardunaldiek, egoeraren analisia eta ezagutza eraiki ondoren, ekintzetara igarotzeko ahaldundu nahi ditu parte-hartzaileak; "izan norbanakoak, familiak, bikoteak...". Horrez gain, herri eta komunitate gisa "eredugarri" izateko tresnak eskaini gura dituzte, "mugikorrekin harreman osasuntsu eta arduratsu bat izateko gakoak landuz eta adingabeen osasuna modu integralean hobetzeko abiapuntuak jorratuz".

Lau hitzaldi otsailean, aurrez izena emanda

Otsailaren 18an, 20an, 25ean eta 27an egingo dituzte saioak, gaian adituak diren Maitane Ormazabalen eta Telmo Lazkanoren eskutik, Kulturaten, 18:00etan. Lehenengoan, adingabeen buruko gaixotasunen prebentzioa landuko dute: "Zer nolako eragina du testuinguruak gure txikien garapenean? Zeintzuk dira buruko gaixotasun zabalduenak gure adingabeen artean? Zer egin dezakegu egoera horiei aurre egiteko? Eta gure buruak zaintzeko?", azaldu dute antolatzaileek.

Otsailaren 20ko saioan, berriz, nerabezaroko beldurrak, balioak, autoestimua eta identitatea eraikitzeko eraren garrantzia izango da gai nagusia. "Hainbat arlo landuko ditugu: nerabezaroaren gorabeheratsuaren aurrean nola jokatu; hezitzaile gisa ditugun beldur, kezka eta auzien lanketa; autoestimuaren zutabeak; identitatearen eraikuntza osasuntsu baten bilaketa eta ongizate digitala eta osasuna".

Hirugarren solasaldia otsailaren 25ean egingo dute, mugikorraren auziaz. Hainbat galdera plazaratuko dituzte saio horretan: "Zer dugu benetan esku artean? Zein dira sareen arrisku eta irtenbideak? Nola jokatu ziber-jazarpen baten aurrean? Zeintzuk dira jakin beharreko 20 baliabide praktikoak? Zeintzuk dira heziketarako mezu eta abiapuntuak? Nola eraiki dezakegu harreman osasuntsu bat mugikorrarekin? Herri eta komunitate bezala nola erantzun dezakegu?".

Azkenik, otsailaren 27an, "balantza orekatzen" saiatuko dira, mugikorrarekin harreman osasuntsu bat eraikitzeko gakoak emanez.

Jardunaldietan parte hartzeko, baina, izena eman beharko da aurrez, eta plaza mugatuak izango dira.

Mugikorra eta osasun mentala

Mugikorraren auzia eta osasun mentala elkar loturik dauden bi alderdi direla azaldu dute eta, beraz, bi arlo horien "lanketa integrala" egingo dutela. "Asmoa da gure belaunaldi berriei, nerabeei eta hezitzaileei, erreminta emozional eta gaitasun digitalak bermatzea ikuspuntu holistiko batetik, etorkizun osasuntsuago bat eraikitzeko".

Bi adituk emango dituzte saioak

Batetik, Maitane Ormazabal terapeuta da eta Psikoterapia Laburrean, Ebaluazio Psikologikoan eta Psikodiagnostikoan eta Trauman Esku Hartzeko Goi Mailako Prestakuntzan espezializatuta dago. Pedagogia Terapeutikoko irakasle eta Gizarteratzeko goi-mailako teknikari eta hezitzaile bezala jardun izan du eta gazteentzako eta haurrentzako ingurune digital segurua osatzeko Haur eta Gazteria Ministerioaren aditu batzordeko kidea da. Horrekin batera, Mindsight Zurekin elkarteko sortzailea eta ZEOS Programako zuzendaritzako kidea ere bada.

Telmo Lazkanori dagokionez, irakaslea da Ospitale, Etxe eta Hezkuntza Arreta Terapeutikorako Gipuzkoako Lurralde Zentroan eta baita dibulgatzaile aditua ere sare sozial eta pantailen arloan. Haur eta Nerabeekiko Psikoterapia Laburrean dago espezializatua eta gazteentzako eta haurrentzako ingurune digital segurua osatzeko Haur eta Gazteria Ministerioaren aditu batzordeko kidea da, ZEOS Programako zuzendaritzako kide izatearekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak