Arrasateko 45 establezimenduk baino gehiagok eskuratu dute Euskaraz barra-barra marka eta Udalak ekimenean parte hartzeko deia egin die gainontzekoei. "Euskaraz norekin? Non? Noiz? Inoiz bere buruari galdera hauek egin dizkietenei, marka berri honek bidea argitzen lagunduko die; ikusten duten tokian, euskara erabiltzeko aukera bermatuko baitie", azaldu dute Udaletik. "Euskal Herri osora zabaltzen ari den egitasmo hau aukera bat da herritar guztiontzat".
Horretarako, baina, gutxieneko baldintza batzuk bete beharra dute: establezimendua zabalik dagoen bitartean gutxienez langile bat izatea euskaraz zerbitzua emateko gai dena; eta establezimenduak herritarrari begira dituen oharrak, mezuak eta bestelakoak euskaraz izatea.
Erronka nagusia da Euskal Herriko ahalik eta establezimendu gehienetan euskara erabiltzeko aukera bermatzea, honako helburu hauek oinarri hartuta: euskararen erabilera sustatzea, merkataritzaren sektorean eraginez; euskal hiztunen nahasmen eta estres linguistikoa murriztea; herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu eta bermatzea; eta euskararen biziberritzearen inguruan, kontzientziazioa eta konpromisoak sustatzea.
Izen-ematea zabalik
Ekimenera batzeko, Udaleko Euskara Sailarekin harremanetan jarri beharko da, amaia.arana@arrasate.eus helbidera idatziz edo 943 25 20 08 telefono zenbakira deituz. Behin izena emanda, establezimenduan markaren ikur identifikagarriak ipini beharko dituzte.
Herritarrei dagokienez, establezimenduaren erakusleihoan Euskaraz barra-barra ikur identifikagarria ikusiz gero, euskaraz egiteko dei egin diete. "Horrez gain, establezimenduaren barruan langile asko baldin badaude, bilatu ezazu Euskaraz barra-barra identifikagarria duen langilea eta hitz egin euskaraz; establezimenduaren kutxak Euskaraz barra-barra itsasgarri edo bestelako euskarriekin identifikatuta badaude, egin ezazu ordainketa euskaraz, kutxa horretan".