Material bilketaren sustatzaileek eta lanean ibili diren boluntarioek banaketaren berri eman dute. Azaldu dutenez, azaro hasieran egindako lehen bidaian, Paiportako eta Algemesiko herritarrei banatu zieten materiala eta garbiketa lanetan ere lagundu zuten. "Bigarren bidaia azaroaren 15ean egin genuen, Ezker Kultur Guneak finantzatutako bi furgoneta alokatuta, geratzen zen materiala eramateko", azaldu dute.
Gero, Valentziatik adierazi zieten ez zela arropa eta ur gehiago behar. "Nahikoa zutela esan ziguten eta, beraz, arropa asko eta 2.000 litro ur genituen. Hori dela eta, arropa Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzea erabaki genuen". Hala, otsailean bidaliko dute urtero egiten duten karabana solidarioaren baitan. "Urari dagokionez, Gipuzkoako elikagai bankura bideratu dugu eta Makor dendari eskerrak eman gura dizkiogu garraioan laguntzeagatik".
Horrekin, amaitutzat ematen dute udazkenean abiatu zuten kanpaina. "Mila esker arrasatear guztioi, halako egoera zail baten laguntzeagatik".