Askotariko zuhaitz eta landareak erosteko aukera egon da Arrasaten

Txomin Madina Milikua 2025ko urt. 18a, 15:37

Bertako produktuen azokarekin batera eta Zuhaitz Egunaren baitan, zuhaitz azoka egin dute gaur goizean Arrasaten. Motako askotako landareak eta zuhaitzak eroan dituzte bertara sei mintegik, tartean herrikoa bertakoa den Ekoudalatxek, eta saltzaileak pozik agertu dira goizak emandakoarekin.

Oraintxe da zuhaitzak landatzeko sasoia eta hori horrela, Zuhaitz Egunaren barruan, hamabigarren aldia izan duen zuhaitz azoka egin dute Arrasaten gaur goizean. Eta Arrasateko Udaleko Ingurumen Saileko teknikari-buru Rafa Ugartek esandakoaren arabera, goiza hotza izan den arren, esan daiteke jendea azokarako gogoz zegoela: "Berez 08:00etan zen hastekoa azoka, baina mintegietakoak 07:30ean etorri dira euren produktuekin, eta ordurako gerturatu da jendea galdezka".

Sein mintegik hartu dute parte azokan. Bizkaitik etorri den Murueta mintegia izan da horietako bat:  "Fruta-arbolak ekarri ditut batez ere: limoiak eta laranjak, baina baita sagarrondoak eta madariondoak ere", azaldu du bertako Nekane Torrontegik. Arrasatera etorri den bigarren aldia dela gaineratu: "Azoka oso ona da". Arrasateko Ekoudalatxeko Nerea Altuna eta Idurre Aranguren ere pozik zeuden goizak emandakoarekin: "Zitriko berezi batzuk, fruta gorriak eta landare aromatikoak ekarri ditugu eta azken horiek saldu ditugu gehien. Azoka txikia da, baina jende asko mugitzen du". Euskal Herriko Hazien sareko ordezkariek ere jarri dute mahaia Seber Altube plazan, bai zuhaitzak saltzeko eta baita egiten dutenari buruzko informazioa zabaltzeko ere.

Baserrietarako eta ortuetarako

Erosleen artean Arrasatetik bakarrik ez, inguruko herrietatik ere etorri da jendea ortu eta lur-sailetarako zuhaitz eta landare bila: Elorriotik, Eskoriatzatik, Oñatitik...  Eta erositakoen artean, denetik egon da. "Bi ahabi landare, kaki bat eta madariondo bat erosi ditugu baserrirako", azaldu du Elorriotik gerturatu den emakume batek; Eskoriatzako beste batek, aldiz, fruta gorrien alde egin du: "Mugurdiak eta andere-mahatsak erosi ditugu. Orturako erosi ditugu; zaintza gutxi  eskatzen dutela esan digute eta ikusiko dugu".

Zuhaitz azokako postuetan produkturen bat erosi dutenen artean, era berean, mintegiek emandako landare eta zuhaitz sorta bat ere zozketatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak