'Itzulera' antzezlana, aurrenekoz Amaian

Julen Murua Mesonero 2025ko urt. 17a, 12:30

'Itzulera' antzezlanaren bira hasteko prest daude Dejabu konpainiako kideak, eta birako bigarren geltokia Amaia antzokia izango da. Domekan izango da emanaldia, 19:30ean hasita, eta sarrerak eskuragarri daude udalaren webgunean, 10 eurotan.

Estreinatzeko prest dagoen Itzulera antzezlana domekan egongo da ikusgai Amaia antzokian, 19:30ean hasita. Dejabu konpainiak zuzenduta, bihar estreinatuko dute antzezlana, Errenterian, eta Arrasatekoa bigarren emanaldia izango da. Itzulera antzezlana road movie bat dela diote antolatzaileek; hau da, bidaia batean gertatzen dena kontatzen du. Komediazko abentura bat da. Hain justu, konpainia bateko hiru kidek Mexikora eginiko bidaia kontatzen du antzezlanak. Bertan, dokumental bat grabatzera joango dira sorkuntza-krisian dauden kideak, Etxepare Euskal Institutuak emandako dirulaguntza bati esker, eta ezusteko gertakari batek bidaiaren norabidea aldatu, eta gertatzen zaien guztia kontatuko dute antzezlanean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "zuzenean sortutako film baten moduan eszenaratzen da lana". Hiru antzezle nagusik hartzen dute parte obran: Ainara Gurrutxagak, Miren Alcalak eta Urko Redondok. Eta, haiez gain, David Aguilar zinemagilea ere igoko da Amaia antzokiko oholtzara, zuzeneko irudien sorkuntzaren eta errealizazioaren arduradun.

Komediazko abentura batean oinarritutako istorio bat antzeztuko dute.

Prestaketa-lan luzea

Bi urtez aritu dira Itzulera antzezlana prestatzen, Ainara Gurrutxaga antzezleak dioenez, antzezlanei "etortzen" uzten dietelako. Prozesuaren erdialdean konturatu ziren "bideoek garrantzi handia" izango zutela, eta horregatik sortu dute "antzerkiaren eta zuzeneko zinemaren arteko lan hibrido bat". Hain justu, hori bera sortzea izan da, Gurrutxagaren ustez, izan duten "zailtasun handiena", baina espero du "emaitza ona" izatea. Itzulera betiko antzezlanetatik ezberdintzen den lan bat dela dio Gurrutxagak; aurretik ere egin den zerbait izan arren, "bisualki ikusgarria eta erakargarria izango den antzezlan bat" dela iritzita, non "irudi oso potenteak sortuko diren eta soinuak eta argiak ere funtzio handia izango duten".

Arrasatearrak, gonbidatuta

"Antzezlan bat ez da jaiotzen publikoarekin partekatzen duzun arte". Hori bera dio Gurrutxagak, Itzulera antzezlana estreinatu bezperan. Horrek gogoa piztu du oholtza gainean egongo den laukotearengan, baina baita urduritasuna ere. "Lehenengo emanaldiak delikatuak" dira, antzezleak dioenez, baina, era berean, arrasatearrak gonbidatu gura ditu Amaia antzokira: "Uste dut antzezlan hau ez dutela berehala ahaztuko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak