Lasterketetan nabarmentzen jarraitzeko eskaria urte berriari

Hasier Larrea 2025ko urt. 17a, 09:00

Arrasate Atletikoko korrikalariak denboraldi distiratsua egiten dabiltza, dominak bata bestearen atzetik pilatzen.

Krosetan eta pista barruko abiadura-probetan daude murgilduta Arrasate Atletikoko kideak asteburuotan, oso irudi ona ematen. Joan den asteburuan, Oihan Zuluetak Gipuzkoako 23 urtez azpiko kategorian urrezko bi domina lortu zituen Donostiako belodromoan, 200 metrokoan eta 60 metrokoan, eta asteburu honetan maila absolutukoen txanda izango da.

Bien bitartean, Zumarragako krosean lehiatuko dira infantilak eta alebinak, aurreko asteburuan Ordiziako Txindoki krosean lortutako emaitzak errepikatzeko gogoz. Izan ere, lehenengo eta bigarren sailkatu ziren Alaitz Berasaluze eta Ane Arrieta alebinak; maila bat gorago ere beste arrasatear bat, Nile Agirretxe, izan zen bizkorrena, eta sasoi betean dagoela erakutsi zuen (Ikus 32. orria). Horren harira, atletismo eskolako neska-mutilak "gogor datozela" azpimarratu du taldeko presidente Jon Ormaetxeak.

Federatuak ere ez dira atzean geratzekoak. Aipatzeko sarien artean, Seckou Sissokok eta Ane del Fresnok iaz Espainiako txapelketak jokatu izana nabarmendu du Ormaetxeak: "Espainia mailako 32 onenen artean sailkatzea lortu zuten, norbere kategorian; meritu handiko emaitzak dira horiek".

Pista homologatzeko zain

Bestetik, Mojategiko pista berriarekin gazteak "pozik" daudela dio, eta lehengo pista baino bigunagoa dela azaldu du: "Hala ere, ikusteko dago abiadura edo iraupen lasterkarientzako izango den aproposagoa, homologazio-ziurtagiria jaso arte ezin baitugu probarik antolatu; ea baimen hori laster iristen den".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak