Kantxa barruan eta kanpoan, bietan lehiakor

Hasier Larrea 2025ko urt. 17a, 13:13

Arrasate Eskubaloi klubak gogotik lan egin izan du adin txikiko gazteak erakarri, formatu, seniorretara iritsi eta taldeak mantentzeko. Herrian dagoen kirola egiteko askotariko aukerak, gizarteko joerei batuta, zaildu egiten du helburu horiek betetzea.

40 urte baino gehiagoko ibilbidean gazitik eta gozotik probatu du Iturripen egoitza duen klubak. Gaur egun, liga erregularretan jokatzen duten sei talde ditu, infantiletatik seniorretara, baita benjamin eta alebin mailetako eskubaloi eskola ere. "Behetik gorako eskailera" eraikitzea da klubaren helburuetako bat, Josu Herrero kirol zuzendariak azaldu duenez: "Kategoria bakoitzean bloke jendetsuak baldin badituzu, taldeak mantentzea errazagoa da adinean aurrera joan ahala, seniorretara heldu arte. Gure kasua ez da hori, baditugu hainbat hutsune, esaterako mutilen gazte mailan, baina gure esku dagoena egiten jarraitzen dugu".

Ezaguna da aisialdi-uneak baliatzen dituztela eskubaloiarekiko interesa pizteko. "Horrela ezagutarazten dugu gure proiektua, eta, bide batez, beldurrak uxatzera gonbidatu. Izan ere, neska-mutilek, orokorrean, taldean hartzen dituzte erabakiak". Gabonetako lauko txapelketa, udako eta udaberriko campusa, Musakolako jaietako lagunartekoak, Leintz Eskola Kirolarekin duten lankidetza... Asko dira klubeko kideek euren borondatez sartzen dituzten orduak, eta uztak, "nahi bestekoa ez" izan arren, ematen du fruituren bat edo beste.

NESKEN KASUAN, ESKUBALOI TALDERIK EZ IZATETIK KLUBEKO JOKALARIEN ERDIA IZATERA PASA DIRA

Oreka generoan

Hortxe dago, adibidez, nesken presentziak izan duen gorakada nabarmena: "Duela 6-7 urte egin genuen nesken taldeak berreskuratzeko apustua, eta denboraldi honetan mutilen eta nesken hiruna talde dauzkagu; hau da, fitxen erdia dira neskenak. Hor ikusten da joera aldaketa bat gertatu dela", aipatu du Herrerok. Gaineratu du senior kategorian emakumezkoen ordezkaritza lortzea "helburu polita" izatera heldu dela.

Gazte mailako taldea.
 
Hauspoa, gorantz joateko

Momentuz, gizonezkoetan dute talde bakarra maila absolutuan, Gipuzkoako Lehen Lurraldeko Mailan: "Horri bakarrik eskatzen dizkiogu emaitzak, azpiko kategorietan inportanteena balioetan formatzea da eta".

Izan ere, Mugarri Ingou Arrasate izenarekin jokatzen duen taldea lehiakorra da; joan den asteburuan Bergararen aurka nagusituta, arnasa apur bat hartu du, lehen itzuli makurra atzean uzteko lagungarri: "Neurketa asko galdu ditugu puntu bategatik edo bigatik, minutu batzuetan besoak jaistearen ondorioz. Ea bigarren itzuli txukunagoa egiteko gai garen". Lehen koska, bihar, 18:30ean, Iturripen, Egia Koskoren aurka.

Bergararen aurkakoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak