200.000 herritarren aurrean hartu zuen presidente kargua Nicolas Maduro Morosek urtarrilaren 10ean, Miraflores jauregian. "Oposizioak eta eskuin muturrak herrialdea desegonkortzen saiatu arren kaosaren estrategiaren bidez eta Nicolas Maduroren zinaren aurkako kontzentrazioak kontra-programatuz, lasaitasun, harmonia, alaitasun eta gizalegezko giroan hartu zuen kargua Madurok", kontatu du Merinok, prentsa ohar bidez.
Maduroren oposizioak egindakoari buruz ere mintzatu da Debagoieneko Ezker Anitza-IUko koordinatzailea. "Oposizioaren deiari herritarrek emandako erantzun eskasak agerian uzten du Venezuelako herriaren benetako eskari eta beharrizanekiko higadura eta deskonexioa. Maria Corina Machado oposiziogilearen papera da huts egin duen estrategia horren adibide garbia. Ordezkatzen omen dituen masak mugiarazteko gai ez dena".
Errespetua
Azkenik, Venezuelaren subiranotasunaren "errespetua" aldarrikatu du. "Ezker Anitza-IUtik, Venezuelaren subiranotasunaren errespetua aldarrikatzen dugu eta herria zoriontzen dugu lortutako eskubideak defendatzerakoan erakutsitako ausardia eta duintasunagatik. Venezuelako demokraziak hitz egin du. Nazioarteko komunitateak eta justiziaren eta bakearen alde borrokatzen duten herri guztiek irmo baztertu behar dute borondate hori aldatzeko edozein ahalegin".