Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen Bizigune alokairu programaren bitartez etxebizitza alokatzeko apustua egiten duten herritarrak Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren %99a ordaintzeaz salbuetsita egongo dira Arrasaten. "Etxebizitza hutsak merkaturatzeko eta alokairu publikoa sustatzeko aukera guztiak baliatu nahi ditugu hobari honekin, izan ere, orain arte %50ekoa zen, eta berriki egin den lege aldaketarekin, aldaketa burutu dugu", adierazi du Joseba Ezpeletak, Ogasun zinegotziak.
Bizigune programaren aldeko apustua egiten dutenek, berme juridiko eta ekonomikoak izango dituztela ere adierazi du Ezpeletak, "askotariko abantailez baliatzeko aukerez gain".
EAJ-PNV pozik azaldu da hobari berriarekin, merkatuan etxebizitzen eskaintza handitzeko eta "familia askok bizi duten presioa" arintzeko "funtsezko tresnatzat" hartuz. "Gure proposamena izan zen eta hasiera batean ondo hartu ez zuten arren, positibotzat jotzen dugu, negoziazioen ondorioz, 2025eko ordenantza fiskalen esparruan sartzea eta indarrean egotea", nabarmendu du Ander Garay udal bozeramaileak. "Elkarrekin lan eginez eta askotariko proposamenak entzunez, arrasatearrei eragiten dieten arazoetarako benetako konponbideetan aurrera egin dezakegunaren seinale da hau", gaineratu du.
Esku-orria, etxez etxe
Udalak egunotan etxez etxe banatuko duen eskuorrian dago horren gaineko informazio guztia, baita bestelako hobariei buruzkoa ere. Dokumentu horrek 27 hobari mota jasotzen ditu, iaz baino bi gehiago, lau aplikazio-eremutan banatuta: ondasun higiezinen gaineko zergak ordaintzeko hobariak, ibilgailuen zergak ordaintzeko hobariak, obren gaineko zergak ordaintzeko hobariak eta komertzio berriak sustatzeko hobariak.
Udal Gobernuaren helburua, Ezpeletaren esanetan, progresibitatea ezartzea da. "Gai konplexua denez, lanketa sakona behar du eta, bitartean, Udalaren eskumenak diren beste tresna batzuk erabiltzeko apustua egiten jarraituko dugu hobariekin, horiek baitira progresibitatera gerturatzeko tresna eraginkorrenak gaur-gaurkoz", dio Ezpeletak.
Zergak, zerbitzu publikoaren berme
Egutegi fiskalaren berri ere eman du Udalak, ordaindu beharreko zergak noiz eta nola ordaindu behar diren ezagutarazteko. Horrela, Udalak "gardentasuna eta informazio osoa" eman nahi die herritarrei. "Zergak ordaintzeko, epe jakin bat baino gehiago dago; besteak beste, urtekoak, seihilekoak edo hiru hilean behin ordaintzen diren zergak. Horien guztien berri eman dugu eta epealdien kobratze datak jakinarazi, plangintza bat errazteko".
Ogasun zinegotziak azaldu duenez, Udalak eskaintzen dituen zerbitzu publikoak komunitarioak dira, eta herritar guztien ekarpenari esker funtzionatzen dute. "Herriak funtziona dezan guztion ekarpena behar du, erakunde publikoena, enpresa pribatuena eta herritarrena. Kontrako kasuan, Arrasateko Udala paralisian eta kaudimen faltan aurkituko litzateke".