Urteroko legez, Arrasateko kaleetan zehar ibiliko dira kantu-eskean Santa Ageda abesbatzako kideak. Antolatzaileek jakinarazi dute, azkenengo urteetan ez bezala, Santa Ageda bezpera eguna martitzenean izango denez, "ikastetxeetara eta aste barruan lanean dabiltzan enpresa eta komertzioetara" ere iritsiko dela abesbatza.
Entseguetara joateko gonbita
Gazteak eta beteranoak elkarrekin aterako diren hirugarren urtea izango da aurtengoa, eta hori aprobetxatuta, dei egin die gainontzeko herritarrei entseguetan parte hartzera animatu daitezen. Guztira hiru entsegu antolatu ditu abesbatzak: urtarrilaren 15ean, 22an eta 29an egingo dira, 19:00etan hasita, JAMEko Goikobaluren lokalean.