Bisitariak aurretik eta pixkanaka aldea handitzen joan ziren minutuek aurrera egin ahala: 12-15, 22-28 eta 33-42 emaitzekin amaitu zituzten lehen hiru laurdenak. Azkenekoan MUren berpiztea etorri zen, ordea, arrasatearren Kirol zuzendari Iñaki Ogara Arriren hitzetan: "Ez genuen ordura arte gure erritmoa behar moduan sartu, beldurti samar jokatu genuen. Baina azken laurdenean zuzenago jo genuen saskira eta fin ibili ginen defentsan ere". Hala, lortu zuten markagailuan astuariarren parera iristea eta eskura izan zuten aurretik jartzeko aukera ere, baina azken jokaldian hiruko bat huts egin eta gero, ADBA Sanfer-ART Chivo taldearentzat izan zen garaipena, "merezimendu osoz", Arriren esanetan.
Partidu "borrokatua" izan zen, lehen minututik azken jokaldira arte, baina garaipena Asturiaseko taldeak eraman izanak sentsazio tristea utzi zuen etxean: "Bolada onean amaitu genuen Gabonen aurretik, baina geldialdiak eten egin du hori", azaldu zuen etxeko Kirol zuzendariak.
Talde zuri-moreak borrokan jarraitu beharko du, beraz, gorako bidean jartzeko. Datorren jardunaldian Iruñean jokatuko du, Aranguren Multibasketen aurka.