Garaipenik eskuratu ez arren, "gustura" eginiko lanarekin

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urt. 11a, 16:52

Arrasate Rugby Taldeko neskek, senior mailan, Bilbo Uni taldeko jokalariak izan dituzte aurkari Mojategin; 5-44 amaitu da partida bilbotarren alde, baina "sentsazio ona" izan dute arrasatearrek.

Eguerdiko hamabietan hasi da ART eta Bilbo Uni taldeen arteko partidua Mojategin, eta indartsu aritu dira lehenengo zatian arrasatearrak, Irene Dolara kapitainaren hitzetan. "Oso zati polita izan da, oso ondo ibili gara, eurei asko kostatu zaie gure zelaira gerturatzea, eta oso ondo mantendu gara bai defentsan bai atakean". Baloiren batzuk ere lapurtu dituztela azaldu du, eta "kontaktuan gogor hasi direnez", bilbotarrek atzera egin dutela.

5-12ko puntuazioarekin amaitu da lehen zatia, eta euren buruarengan "asko sinetsi" dute ARTko jokalariek; bigarren zatian, ordea, "beherantz" egin dute. "Momentu batean nahiko ondo mantendu gara, baina eurek aldaketak zituzten eta guk ez. Hamabi atera gara zelaira, aldaketarik gabe, eta bigarren zatian normalean jokalariok nekatuta egoten gara; gorputzak asko eragiten du buruarengan, eta baita alderantziz ere". Azkenean, 5-44 amaitu da norgehiagoka.

Dolararen hitzetan, Euskal Ligako "talderik indartsuenetakoa" da une honetan bilbotarrena, eta partidua, horrenbestez, "espero baino hobeto" joan da: "Sentsazio onarekin atera gara partidutik, batik bat lehen zatiarekin gelditu baikara: sekulako partidua egin dugu lehen minutu horietan, gustura gaude orokorrean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak