Sevillako Zinemaldian estreinatu zuten, azaroaren 11n, eta abenduaren 25a ezkero zinema-aretoetan dago ikusgai, Debagoieneko aretoetara oraindik heldu ez bada ere. "Dagoeneko hiru alditan ikusi dugu. Ez gara oso objektiboak, seguruenik, baina asko gustatu zaigu. Istorio oso polita dago atzean, aitatasuna eta amatasuna zer den, zer den maitasun hori.... Gainera, barre ere egiten da; beraz, polita iruditu zaigu. Eta jaso ditugun iritziak oso positiboak izan dira. Oso pozik gaude", azaldu dute Mararen guraso Iker Zaitegik eta Jaione Uriartek.
'Sin instrucciones' film luzeko protagonista da 10 urte dituen arrasatearra
Film horretan izan dituen bizipenekin alaba aktorea ere pozik dagoela diote gurasoek: "Oso eroso sentitzen da grabatzen, eta emaitzan hori antzeman egiten dela iruditzen zaigu guri. Bere burua pantailan ikustea ere oso natural bizi du. Alba da Mararen pertsonaia; neska azkarra da, maitagarria eta dibertigarria, eta Maia ere horrelakoa da; alde horretatik, uste dugu erraza izan dela harentzat pertsonaian sartzea".
Lantaldearen babesean
Paco Leon eta Silvia Alonso aktoreekin egin du, bereziki, lan Maia Zaitegik, eta "mimo handiz" zaindu dutela kontatu dute gurasoek: "Oso gertukoak eta jatorrak dira. Errodajean ordu asko egiten dute elkarrekin, eta, ondorioz, tarte asko dituzte elkarrekin partekatzeko, eta denak izan dira –kamera atzekoak zein aurrekoak– zentzu horretan zoragarriak. Pacorekin eta Silviarekin sekuentzia asko partekatzen ditu, eta emozio handikoak horietako asko. Bat gehiago izan da Maia eurekin, horrela tratatu dute, harekin jolastu dira, haren istorioak entzun dituzte, haienak kontatu dizkiote... Oso erraza izan da eurekin lan egitea. Horrez gainera, Alazne Etxebarria coach-a izan du une oro alboan, eta asko eskertu dugu hori ere".
Zinemagintzan "gogotsu"
La ermita izan zen Arrasatekoak parte hartu zuen lehenengo film luzea, baina handituz doa zerrenda: "Angela telesaila egin du, eta beste bi filmetan paper txikiak ere bai. Aurrera begira, badago proiekturen bat, baina, momentuz, ezin dugu ezer esan. Argi daukagu ez dizkiogula he- goak moztu nahi eta hark mundu hau bizi duen pasioaz bizita ez diogula aterik itxiko, baina guraso bezala badagokigu beste aspektu asko ere kontuan izatea, eta oreka topatzea. 10 urte ditu, eta haurra izateko denbora izatea oso garrantzitsua da".