Herriko argazkilarien elkarteak (Artgazki) antolatutako azken lehiaketaren emaitza da bihar, egubakoitza, hasi eta urtarrilaren 25era bitartean Kulturaten izango den Euskal Herria zure begietatik erakusketa. "Autorearen begiradatik euskal tradizioa, kultura, paisaia eta bestelako gaiekin lotutako argazkiak biltzea izan da asmoa; hori horrela, guztira 108 argazki jaso ditugu, 37 autorek bidalita. Euskal Herriko txoko askotatik jaso ditugu; gehienak, herriko eta eskualdeko artistek egindakoak", azaldu du Artgazki elkarteko kide Anibal Carmonak.
Teknikaz eta konposaketaz gainera originaltasuna eta argazkilariaren ikuspegi propioa aintzat hartuta hiru sari banatu dituztela gaineratu du: "Bilboko Pedro Luis Ajuriagerrarentzako izan da lehenengo saria, Arrasateko Iurgi Indarentzako bigarrena eta Donostialdeko Luis Fernando Anzak eskuratu du hirugarrena".
Salmenta solidarioa
Lehiaketako argazkien aukeraketa eginda, 30 argazki izango dira Kulturateko bilduman ikusgai. "Argazki horiek salgai izango dira, 35 eurotan bakoitza. Hastapenetatik elkartearen helburua da, argazkilaritzaren hedapenaz gainera, Arrasateko bestelako elkarteekin kolaboratzea. Aurreko aldietan Aspanogi elkarteari eta errakitismoa duten senitartekoen AERyOH elkarteari eman diegu batutako dirua, eta oraingoan, CLN1 motako Batten gaixotasun arraroa duen Mara San Jose Arrasateko haurrari laguntzeko ematea erabaki dugu".