Barakaldoko erailketa matxista salatu dute

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko urtarrilaren 7a

Arrasaten egin duten elkarretaratzea, gaur, martitzena.

Emakumeon Mundu Martxak egindako deialdiarekin bat egin du Arrasateko Mugimendu Feministak, Barakaldoko hilketa matxista salatzeko, eta Herriko Plazan elkarretaratzea egin dute. Halaber, Bergaran, Aretxabaletan eta Elgetan ere egin dituzte mobilizazioak.

84 urteko emakume bat hil zuten joan den egubakoitzean, urtarrilaren 3an, eta haren semea espetxean sartu dute, ama hil izana leporatuta. Hala, aurten Euskal Herrian gertatu den lehen hilketa matxista da.

Hain zuzen, hilketa matxista hori salatzeko elkartu dira Debagoieneko hainbat herritan, hala nola, Bergaran, Aretxabaletan eta Elgetan. Arrasateren kasuan, Herriko Plazan egin dute mobilizazioa. Deitzaileek azaldu dute "nazkatuta, nekatuta eta haserre" hasi dutela urtea. Era berean, emakumeak soilik emakume izateagatik erailtzen dituztela salatu dute eta, "errealitate gordin horri aurre egiteko, urgentziazko mekanismoak" eskatu dituzte.

Hainbat herritar Aretxabaletan, autodefentsa feminista aldarrikatzen.

Barakaldoko erailketa matxista salatzeko Elgetan egindako elkarretaratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak