Agur hunkigarria Arrasateko Branka tabernako Josefina Salegiri

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko abe. 30a, 20:03

Josefina Salegik, Fina-k, gaur du azken lan eguna barraren atzean. 40 urtetik gora egin ditu Otalora Lizentziatua kaleko Branka tabernan. Erretiroaz gozatzeko txanda heldu zaio. Taberna bete egin da bezeroek eta lagunek prestatu dioten agur ekitaldirako. 

Aurreskua dantzatu diote eta bertsoak abestu dizkiote. Josefina Salegik ez zuen espero eta ekitaldi hunkigarria izan da. Urte asko izan dira barraren atzean, eta eskainitako goxotasuna eta arreta eskertu diote gertukoek Salegiri.

Gaur itxiko ditu ateak Branka tabernak. Hauek izan dira Salegiri abestu dizkioten bertsoak:

 

Finari bere jubilazio egunean!

 

Berrogeitalau urte jadanik

Hasi zela abentura

Kosta atzean utziz Arrasatera

Jose Marikin gustura!

 

Hainbeste urtetan gure artean

Izan zaitugu Fina,

Ez dau durarik zara emakume

jatorra ta oso fiña!

 

Branka izan da, egunez egun

Taberna bat 'de elite'

Bezero asko jatorrak eta

beste batzuk satelite!

 

Txoko honetan lau hamarkadaz

Zenbat berba, ardo, zirri,

Horma hauek berba eginez gero

asko geundeke urduri!

 

Fase berri bat hastera zoaz

Denbora gehiagorekin

Nahi duzuna egin ta disfrutatu

Manex eta Maddirekin!

 

Bezero eta lagun ugari

Gabiltza zuri kantatzen

Aurrerantzean zoriontsu izan

Hori dugu desiatzen!

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak