Olentzerok eta Mari Domingik ikatza eraman dute Arrasateko Super BM eta Lidl supermerkatuetara

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko abe. 30a, 08:24

Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak (BDZ) mugimenduaren ekintza izan da. Produktu sionistarik ez. Israel? Ez, eskerrik asko. Boikot. irakur zitekeen lagun zuten pankartan. 

Ekonomian eta politikan Israeli presioa egiteko mundu mailako kanpaina da BDZ, eta Arrasateko Super BM eta Lidl supermerkatuetan egin dute protesta ekintza. "Ikatza genozidioa finantzatu, apartheida praktikatu, ilegalki okupatutako lurretan ekoizten dituzten produktuak saltzearren eta ideia supremazista finantzatzearren", azaldu dute BDZ kolektibotik idatziz bidalitako oharrean.

"Bi supermerkatu hauen immobilismoa salatzeko egin dugu ekintza hau. Guk eskaera sinple bat egin genien duela hilabete batzuk, ken zitzatela sionismoa finantzatzen duten produktuak, ez izateko konplize, ilegalki okupatutako lurretan landatzen dituzten datilak ken ditzatela eskatu genien, Lidl-i Lupilu markako toallatxoak kentzeko ere eskatu genion Israelen ekoitziak direlako. BM-ri berriz bere marka zuria diren pipak eta ahuakate kentzeko eskaera egin genien, bi hauek, Palestinarrei ilegalki okupatutako lurretan ekoitziak direlako", gehitu dute.

Jakinarazi dute "borrokan" jarraituko dutela bi supermerkatuek produktu sionistak kendu arte. "Ezin dugu ahaztu sionismoa zer den. Sionismoa ez da erlijio bat, ideia supremazista, kolonialista eta inperialista da, arrazakerian oinarritutakoa. Katoliko, judutar eta musulmanen aurkako ideia du, eta euren asmoa ez da soilik Palestina hartzea".

Kanpainarekin bat egiteko deia

BDZ mugimendutik boikot kanpainarekin bat egiteko deia luzatu dute. "Denon esku dago presioa sartzea eta denok egin dezakegu gure ekarpena. Hartu produktu hauek eta utzi karro baten barruan, pasilloaren erdian, mezu argi batekin Israeli boikot!. Joan zaitez produktu hauekin kaxara eta eskatu kaxakoari produktua kentzeko... Utzi papera, utzi zure aldarria, argazkia atera eta gero bidali arrasate@bdz.eus helbidera, guk zuen ekintzak ere zabalduko ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak