Enpresaren proposamena onartu ala ez eta, horrenbestez, mobilizazioekin aurrera jarraitu edo ez erabakitzeko asanblada orokorra egin zuten atzo, hilaren 19an, Avanzako langileek, eta hamar langiletik seik baino gehiagok –gutxi gorabehera, %65ak– proposamena baztertzeko hautua egin zuten, Felix Iregik, LAB sindikatuko kideak, adierazi duenez. "Aurrera begirakoetan, itxaron egingo dugu ea enpresak zerbait berria dioskun; bestela, datorren urtera itxarongo dugu mobilizazioak egiteko".
Iregiren hitzetan, enpresari eginiko eskaeretan, batik bat, orduak murrizteko eskaria dute mahai gainean: "Egun, 1.650 orduko jarduna dugu, baina 1.592koa izan dadila eskatzen dugu; esate baterako, horrela zehaztua dute Bizkaibuseko langileek". Horrez gain, jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren urteko martxoan jarriko dituela martxan lizitazio berriak, eta ordurako sinatu nahiko luketela lan-jarduna 1.592 ordukoa izatea. "Hala, Diputazioak paper-orrietan jarriko du eta gastu hori bere gain hartuko du".
Mobilizazioa Arrasaten
Bilbon manifestazio bat egingo dute gaur Avanzako langileek, eta bihar, berriz, Donostiara joango dira mobilizatzera. Etzi Arrasten izango dira, manifestazio bat antolatu baitute, eguerdiko hamabietan. "Ea jendea gehitzen den", erantsi du Iregik, nabarmenduta euren hitzarmenaren alde egiteaz gain, Debagoiena "abandonatuta" dagoela salatuko dutela.
Greba egunek iraun artean, zerbitzu minimoak izango dira.