Publiko guztientzat sortutako ikuskizun berria dakarte Arrasatera Albinak eta Divinak, Euskal Herriko zein nazioarteko "Gabonetako klasikoen errendizioa" aurkeztuz eta jaien espiritua "lente lotsagabe, dibertigarri eta trabesti baten bidez" proiektatuz. "Gabonak ospatzeko dira; poztasun garaia da, eta guk aldarrikatu gura dugu LGTBI kolektiboaren barnean Gabonak pozik bizitzeko aukera egon beharko litzatekeela. Gabonetan familiarekin egoteko eta ondo pasatzeko mezua heltzen zaigu, baina batzuentzat ez dira bateragarriak. Hori dela eta, hainbat arrazoirengatik gutxiengoan dauden herritarrek edota egun hauek baztertuta pasatzen dituztenek ikusgarritasuna behar dute, eta horretan saiatzen gara", azaldu du Divinak.
Hala, komunitatearen balioa, familia aniztasuna eta kontsumismoa dira showak jorratzen dituen hainbat gai, izaera umoretsu eta ikusgarria alde batera utzi gabe. "Ikuskizunak seriotasuna badauka, noski, baina gure mezuaren proiekzioa oso modu umoretsuan egiten dugu. Gura duguna da jendeak, gauza guztien gainetik, ondo pasatzea", nabarmendu du.
Garaira egokitutako showa
Ikuskizuna duela urtebete inguru sortu zuten, eta orain egokitu egin dute Gabon garairako. "Beste toki batzuetan ere egin izan dugu emanaldia, uda garaian, baina, data kontuan izanda, aldaketa batzuk egin dizkiogu", dio Divinak. Musikari dagokionez, Albinak atera berri duen diskoko hainbat abesti entzun ahal izango dira ikuskizunean, baina baita beste artista batzuen abestiak ere.
Herritarrei, parte hartzeko deia
Udalak haientzat espazio bat jarri izana eta haien mezuak herritarrei helarazteko aukera eman izana "oso garrantzitsua" iruditzen zaio Divinari. "Garrantzi horren lekuko izan nahi baduzue, etor zaitezke showaz gozatzera. Etortzen den orok eramango du zerbait etxera".