Santamasetan taxi zerbitzua jarriko du Arrasateko Udalak landa-auzoan bizi diren bizilagunentzako. "Maritxu Kajoi jaietan probatu genuen, eta, izan zuen arrakasta ikusita, zerbitzua berriz martxan jartzea erabaki dugu santamasetan ere. Hala, landa-auzoak eta erdigunea modu seguruan konektatu nahi ditugu", adierazi dute udal ordezkariek.
Zerbitzua adin guztietako pertsonentzako izango da, nahiz eta baldintza bakarra egongo den zerbitzua jaso ahal izateko; hau da, erdigunetik landa-auzoren batera joan-etorriak egiteko izan beharko du. "Taxilariek zerbitzua soilik emango dute Udala, Bedoña, Meatzerreka, Garagartza, Gesalibar eta herriko beste landa-gune batzuetan kokatutako baserrietara mugitzeko. Atez ateko zerbitzua eskainiko dute, bidaiarien segurtasuna bermatzeko".
Erabiltzaile bakoitzak, euro bat
Maritxu Kajoi jaietan zerbitzua doakoa izan bazen ere, "herritar guztien arteko berdintasuna bermatzeko", euro bateko "ordainketa sinbolikoa" egin beharko da erabiltzaile bakoitzeko. "Hain zuzen ere, autobus zerbitzuarekin parekatuko dugu zerbitzua".
Gaueko zerbitzua izango da
Abenduaren 21eko eta 22ko gauetan eskainiko dute taxi zerbitzua, 21:00etatik 08:00etara. Horretarako, aurrekoan egin bezala, 688 73 52 23 zenbakira deitu beharko da. Bi egun horietan, 20:30etik aurrera egongo da martxan zerbitzua, eta taxilariekin hitzordua adostu beharko da.