Domekan, abenduaren 22an, 17:00etan hasita, Arrasateko Uarkape Udal Pilotalekuan profesional mailako pilota partiduak izango dira ikusgai, santamasetako ohiturari jarraituz. Azoka egunean klasikoetako bat da, eta, azken urteotan moduan, pilotazaleen kantuak, animoak, txistuak eta oihuak izango dira. Harmailak zalez beteta izango dira, eta horren adierazle da online bidezko sarrera guztiak agortuta daudela.
Pilota festa ederra aurreikusten da Uarkape pilotalekuan, bertan parte hartuko duten pilotarien izenak soilik ikusita, baina, jokatuko diren partiduez gain, santamas giroa nagusituko dela baieztatu daiteke.
Hiru partidu Uarkapen
Guztira, hiru pilota partidu ikusteko aukera izango dute abenduaren 22an Uarkapeko pilotalekura bertaratzen direnek. Txapelketa nagusiko partiduan, Aspek eta Baikok antolatuta, Altuna III.a eta Aranguren Artolaren eta Mariezkurrena II. aren kontra ariko dira. Xabier Tolosa zen jokatzekoa, hasiera batean, baina haren ordez Aranguren ariko da Altunarekin batera Binakako Txapelketako partiduan. Indarrak parekatuta izango direla aurreikusten da, eta, ligaxka hasi besterik egin ez duten arren, bi bikoteak joango dira garaipenaren bila.
Ligaxkako laugarrena
Izan ere, 2024-2025eko Binakako Txapelketako hasierako ligaxkak hamalau jardunaldi izango ditu. Partidu hori laugarren jardunaldia izango da, eta aurrerago iritsiko dira, ondoren, hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatutako bikoteen play-off-a. Finalerdiak izango dira gero, eta, azkenik, finala, martxoaren 30ean.
Hori izango da zaleen gozamenerako antolatu duten partidu handia, baina aurrez ere izango da zer ikusi Arrasateko kantxan, eta ez dira nolanahiko partiduak izango, gainera. Izan ere, bertako protagonista maitatua ere izango da etxekoen aurrean erakustaldia egiten.
Ander Muruak, etxean
B serieko txapelketako partiduei dagokienez, bestalde, alde batetik, Egiguren V.ak eta Bikuñak Larrazabalen eta Salaberriaren aurka jokatuko dute. Bestetik, jaialdiari hasiera emango dion binakako partiduan, Ander Murua pilotari arrasatearra izango da. Profesional mailan, etxean, irailean debutatu ostean, eta orduko urduritasunak pasata, berriz arituko da Aspeko pilotaria ondo ezaguna duen frontoian ondoen dakiena egiten eta, bide batez, erakustaldia egiten. Bakaikoa-Lizeaga bikotearen eta Murua-Aldabe bikotearen aurkakoa izango da lehenengo partidua.