Ointxe!-k Gabonetako Teknifikazio Jardunaldiak aurkeztu ditu. "Maitasun handiz prestatu dugun ekintza da, parte-hartzaileen trebetasunak hobetu, saskibaloiaz gozatu eta kalitatezko prestakuntza esperientzia bizi nahi duten jokalarientzat. Jokalarien prestakuntza hobetu eta osatzeko asmoz, denboraldian entrenamenduetan hain ohikoak ez diren zereginak planifikatu eta garatuko ditugu, eta horregatik uste dugu gure proposamena aukera ona dela saskibaloian jokatzeko trebetasun guztiak eskuratzen jarraitzeko, baina jokalariaren psikomotrizitatea eta alderdi psikologikoa ahaztu gabe", azaldu dute.
Jardunaldiek lau txanda izango dituzte, eta saio guztiak 09:30etik 13:00etara egingo dituzte, Musakolako kiroldegian. Lehen txanda abenduaren 23an eta 24an egingo dute; bigarren txanda, berriz, abenduaren 26an eta 27an egingo dute; abenduaren 30ean eta 31n izango da hirugarren txanda, eta laugarrena urtarrilaren 2an eta 3an izango da.
Lau txandetarako lan-programaren barruan bi irizpide egongo dira. Lehenengoa saskiratze txikietarako izango da, 2016, 2015, 2014 eta 2013an jaiotakoentzat. Eta bigarrena, 2012tik aurrera jaiotako jokalarientzat, errendimendua garatzera bideratutaka, 2011-2012, 2009 eta 2010 artean banatutako hiru azpitalderekin.
Lantalde bakoitzean, plazak mugatuak izango dira eta izen-emate hurrenkera errespetatuz osatuko dituzte taldeak. Prezioari dagokionez, bi egunetako parte-hartzeak 35 euroko kostua izango du eta egun bakarrekoak, 20 eurokoa.