Urtero bezala, neguko oporren atarian auzotarrek auzoko komertzioetan erosten jarrai dezaten animatzeko zorion postalak egin dituzte Arizmendi Ikastolako Santa Teresa gunean. Aurten, ikasleek auzoko adineko zentroko egoiliarrekin batera sortu dituzte hainbat postal eta, haiekin batera, neguko kantak abestuko dituzte.
Datorren abenduaren 20an, egubakoitza, 10:30ean irtengo dira auzoko kaleetan postalak banatzera. Ondoren, 11:30ean, neguko kantak abestuko dituzte Ikastolako jolastokian eta, 12:00etan, San Isidro eliza ondoko plazan. Horretarako, auzoko erretiratuen laguntza izango dute aurten ere.
Ekintza horiekin, haien ekarpena egin nahi diete auzoko komertzio txikiei, "auzoa bizirik mantentzeko ezinbestekoak" baitira. "Denon artean, elkarlanean, auzoa bizirik mantendu nahi dugulako", azaldu dute Arizmendi Ikastolatik.