La Caixa aurrezki kutxaren aurkako elkarretaratzea egingo dute eguenean, Aprendices kaleko hainbat bizilagunek deituta. La Caixak babes sozialeko etxebizitzekin egiten duen espekulazioa salatu dute eta jabetzaren aurka antolatzen hasi direla diote, hainbat arrazoirengatik.
Batetik, gehiegizko klausulen ezarpena. "Guri ez dagozkigun gastuak ordaindu behar izaten ditugu, hala nola, Ondasun Higiezinen Zerga edo finantza erakundearekin aseguru bat sinatu beharra dugu".
Bestetik, eraikinaren mantentze lanik eza ere salatu dute, "baita gune komunen kontserbazio egoera eskasa" ere, adibidez, garajeena edo pasilloena.
Azkenik, deitoratu dutenez, La Caixa ez dago prest etxebizitzen bizigarritasunerako beharrezkoak diren objektuak konpontzeko, hala nola, galdarak edo hoditeria.