Beste urtebetez Arrasate Atletiko Taldeko lagunen lanari esker egin ahal izan dute Koadrilen Arteko Krosa: "Badakigu Donostialdean kros dezente jendetsuagoak egoten direla, baina guretako gurea da berezia, inguruko jendea batzen dugu Gabonen atarian eta giro polita egoten da herrian. Klubean oso pertsona garrantzitsua zen Joshe Elorza omenduz hasi dugu krosa eta iaz baino korrikalari gutxiago egon badira ere gustora geratu gara lasterketak eman duenarekin. Bazirudien euria hasi behar zela baina eutsi egin dio eta dena joan da ondo", adierazi du krosa amaitu berritan Arrasate Atletiko Taldeko ordezkari Aitor Urizarrek.
Gizonezkoetan lasterketa hasieratik Goierri Garaiako Iban Delgado arrasatearrak erritmo bizia jarri du, eta konturatu orduko hainbat metroko abantaila lortu du. Emakumezkoetan ere Ane Zabalak ez du kontrariorik izan, eta ondo helmugaratu dira bi arrasatearrak. Koadrilla mistoetan Bizi Hadikoak izan dira onenak, emakumezko koadriletan Arrasate Atletiko Taldekoendako izan da saria, eta gizonezko koadriletan ere Arrasate Atletikokoak gailendu dira.
Bestalde, Mara San Jose haurrari laguntzeko ekimenak ere arrakasta izan du. Gaixotasun arraroa duen gaztetxoari laguntzeko zozketa guztiak saldu dituzte haren ingurukoek, eta jendeak ere itsulapikoetan ekarpena egin du.