Keinu solidarioa izango du santamas krosak, etzi

Xabier Urtzelai 2024ko abe. 13a, 15:01

Neska kuadrilla bat krosean, iaz.

Domekan egingo duten kuadrillen arteko santamas krosean, izen-emate bakoitzetik euro bat gaixotasun arraroa duen Mara San Jose haurrari laguntzeko bideratuko dute, eta, horrekin batera, itsulapiko solidarioak jarriko dituzte.

Santamas kroserako Arrasate Atletiko Taldeko lagunek korrikalari arrasatearrei bakarrik ez, Debagoieneko kuadrillei ere egin diete dei; izan ere, herri mailako kros hori bailarara zabaltzen dabiltza, eta geroago eta lagun gehiago etortzen dira Oñatitik eta Bergaratik, herri bi aipatzearren. Iaz, 238 korrikalari batu ziren irteera puntuan (12:30, Garibai etorbidea), eta azkarrenak Unai Ibarra (18.09.06) eta Ainara Urrutia (21.56.94) izan ziren. Segidan, gizonezkoetan bigarren postuan, Iñigo Alzola helmugaratu zen, eta hirugarrena Endika Donnay izan zen. Emakumezkoetan, berriz, bigarrena Ane Zabala arrasatearra izan zen eta hirugarrena, berriz, Izaro Llodio.

Ohi moduan, lasterketak sei kilometro izango ditu eta kuadrilla bakoitzeko lau ordezkari onenen sailkapena hartuko dute kontuan irabazleak erabakitzeko –bakarkako sariak ere egongo dira–. Hala, kuadrilla azkarrenak bildots bat jasoko du, bigarren onenarendako lau untxi izango dira eta hirugarren sailkatzen direnek bost oilasko eramango dituzte etxera.

Maria San Joseri laguntzeko

Izen-ematea domekan bertan egin ahal izango da, Biterin bertan egongo den postuan –11:00etatik 12:00etara gaztetxoendako lasterketak egingo dituzte–. Eta antolatzaileek izen-emate bakoitzeko euro bat bideratuko dute 3 urteko Mara San Joseri laguntzeko. Neskatilak Batten izeneko gaixotasun arraroa du, eta, gaixotasun neurodegeneratiboa izanda, garaiz ekin behar diote osatzeari; baina, gaur-gaurkoz, ez dago sendakuntzarik, eta probako tratamenduetan dute arreta jarrita etxekoek. Itsulapikoak ere jarriko dituzte, dirua eman nahi duenarendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak