Goikobalu eta Goikobalu Txiki abesbatzek 35. eta 30. urteurrenak ospatuko dituzte, hurrenez hurren, asteburuan. Horretarako, "kontzertu berezia" egingo dute bihar, 20:00etan hasita, San Frantzisko elizan. Hitzordu berezia izango da Goikobalu abesbatza osatzen duten kideentzat; izan ere, "ume eta gazte garaietan Goikobalu Txiki eta Goikobalu Gazte taldeetan aritu izan diren hainbat partaide ohi" ere egongo dira urteurreneko ekitaldian. Ospakizunera batuko direnei eskerrak eman gura izan dizkie Maialen Gonzalezek, Goikobalu Izartxoak taldeko zuzendariak: "Lan handia egin dute Goikobalu Txikin ibilitako hainbat abeslari ohik ere. Bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu hain berezia den egun hau gurekin partekatzeagatik".
Ekitaldi berezia
Abesbatzakoek jakinarazi dutenez, aurrenekoz ospatuko dute Goikobalu Txikiren urteurrena orkestrarekin egindako kontzertu batekin, eta hori erronka handia izango dela dio zuzendari lanetan ibiliko den eta Goikobalu Txikiko zuzendaria ere baden Txomin Maidaganek: "Ohikoa baino jende gehiago izango gara, eta denon arteko konexioa ezinbestekoa izango da. Taldeko kide batzuek iaz Donostian Euskadiko Orkestrarekin egin zen kontzertu batean parte hartu zuten, eta badaukate bizipen hori; baina kontzertu hau berezia izango da". Gonzalezentzat eta Maidaganentzat ere berezia izango da ekitaldia; izan ere, hauxe dio Gonzalezek: "Oso berezia da urteurrena gaur egungo umeekin eta bere garaian ume izan ginen batzuekin batera ospatzea". Maidaganek ere "berezitasun handiko kontzertua" izango dela dio. Aurreko urteurren ekitaldietan ere parte hartu du arrasatearrak, baina oraingoan kontzertua zuzentzeko ardura izango du, haren "aitaren pausoak jarraituz. Erronka handia" izango dela dio, baina "gogotsu" dagoela aitortzen du.
Abesbatzara batzeko deia
Gaur egun, 90 pertsona inguruk osatzen dute Goikobalu abesbatza. Hala ere, Gonzalezek eta Maidaganek diote jendea erakartzea ere badela euren helburua: "Ikusten dugu abesteko zaletasuna egon badagoela, baina, askotan, kosta egiten zaigu jende berria erakartzea. Hala ere, guk lanean jarraitzen dugu, gure jarduna herriari zabaltzeko eta parte hartzera animatzeko". Hala, herritarrei dei egin die abesbatzara batu eta egiten dutena proba dezaten.