Azkoagaingo derbian Mondrak jasotako 8-3koak eragina izan du klub zuri-morean. Arrasatearren ordura arteko emaitzak ez ziren onak (hamaika puntu hamabi partidutan), baina azken partidu horrek areagotu egin du ezinegona eta klub zuri-moretik aste barruan etorri da erabakia, Xuban Epeldek ez du talde zuri-morea zuzentzen jarraituko. "Hilabete hauetan egindako lana eskertzen diogu eta pertsona moduan tipo bikaina dela erakutsi digu, baina erabaki bat hartu beharrean geunden eta hauxe izan da. Etorkizunean onena opa diogu", adierazi dute klubetik.
Hala, erregional preferentetik igotzea zenbat kostatu den jakinda, ohorezko erregional mailako hasiera txar honi lehenbailehen jarri nahi diote Mondrako arduradunek konponbidea. "Sinistuta gaude gauden tokian baino askoz gorago egoteko moduko taldea daukagula, eta halako erabakiak martxoan ezin dira hartu, beranduegi izaten da. Gogorra izan da erabakia, baina orain zen momentua".
Ordezkoa, etxean: Jorge davila
Eta ordezkoa bilatzeko etxe barrura begiratu du Mondrako zuzendaritzak. Hala, ohorezko kadeteekin Mikel Gonzalezekin batera taldea zuzentzen zebilen Jorge Davilari eman diote enkargua, eta honek onartu egin du. Davilak ondo ezagutzen du taldea, kluba, eta baita kategoria ere, lehenago ere Mondrako lehenengo taldeko entrenatzaile izandakoa delako. Hala, arrasatearra eseriko da Mondrako aulkian asteburuan, Beti Gazteren kontrako partiduan.