'Safu'-ren errebeldiak hasiko du abenduko Kooltur, hilaren 12an

Hasier Larrea 2024ko abe. 9a, 11:35

Sandra Fuente, kontzertuan, Iruñeko Zentral aretoan, iaz.

Sortzaile iruindarra, Flash eta The Dealers igoko dira urteko azken hiru ostegunetan gaztetxeko oholtzara.

Kooltur Ekintzak gorenean bukatu gura du 2024a, hiru proiektu interesgarri ekarrita. Musika urbanoan gotortzen da lehenengo gonbidatua: Sandra Fuentes, edo Safu. Iruñeko Arrotxapea auzoa du bizileku eta Kubako odol beroa dario zainetatik. Lanbidez dantzaria, azkenaldian konpositore eta musikari gisa urratu du ibilbide artistikoa, kaleko erritmoei itsatsita une oro. Rapa eta trapa askatasuna aldarrikatzeko darabil oholtza gainean, eta araurik gabeko ikuskizunak plazaratzen ditu. Lotsagabekeria eta freskotasuna daude Safu-ren DNAn, baita umorea eta gordintasuna ere. Hilaren 12an, 22:00etan, emango du haren gaitasunen berri.

Azeleragailua sakatzen

Punk dosi erradikal, kritiko, basati eta umilak banatuko ditu Flashek, Getaria eta Zumaiako taldeak, abenduaren 19an. Abiadura handiko kontzertua izango da hilaren 26koa ere, Gasteizko The Dealersen eskutik. Sixtie eszenako talde erreferenteak 2005a ezkero darama rhythm and bluesaren bueltan, egurrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak