Festa giroan dihardute Bedoñan, Santa Eulalia jaietan

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko abe. 7a, 17:27

Atzo hasi zituzten jaiak, tortilla eta postre lehiaketarekin, besteak beste. Gaur, ezin izan dute Larragainerako igoera egin, eguraldi txarraren ondorioz. Edozelan ere, Loramendi elkartean egin duten auzo bazkarian 30 bat lagun elkartu dira eta arratsaldean jolasak izan dituzte haur eta gazteek, Txatxilipurdiren eskutik.

Eguraldiak lagundu ez arren, jaiez gozatzen ari dira Bedoñako auzotarrak eta Begoña Garai auzo-alkateak adierazi duenez, jendea ari da prestatutako ekintzetan parte hartzen. Gainera, belaunaldi ezberdinetako herritarrak direla nabarmendu du, bereziki tortilla eta postre lehiaketetan, eta horrek laguntzen duela "auzoaren kohesiorako".

Garaik gehitu du lehiaketa horietan, mus eta briska txapelketetan, haurren jolasetan eta biharko toka txapelketan banatu dituzten eta banatuko dituzten sari guztiak herriko establezimenduetan erositakoak direla, tokiko merkataritzaren aldeko apustuan.

Bihar, azken eguna izango dute Santa Eulalia jaiek, eta honako ekintza hauek egongo dira: batetik, 11:30etik 12:30era, Thierry Biscary musikari baxenabartarrak a capella emanaldia egingo du elizan; bestetik, 12:30ean, Loramendi elkartean salda beroa eta auzoko ogi, gazta eta txorixo dastaketa egingo dute. Jarraian, toka txapelketa, bi txandatan –16 urtera artekoak eta nagusiak–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak