Kirol instalazioak hobetzeko plan integrala proposatu dio EAJk Udal Gobernuari

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko abe. 6a, 10:51

Hamar proposamen zehatz aurkeztu dituzte jeltzaleek, "erabiltzaileei eta kirol klubei kalterik ez egiteko kronograma argi bat ezartzeko beharra" azpimarratuz. Gaineratu dute "Gobernuarekin negoziatzeko eta proiektuak gauzatzeko prest" daudela.

Arrasateko EAJ-PNVk kirol instalazioak hobetzeko plan integrala proposatu dio Udal Gobernuari. Planaren helburua, haien esanetan, inbertsioak urtez urte "modu orekatu eta planifikatuan" egitea da, "obrak gainjartzen ez direla eta instalazioak klubentzat eta erabiltzaileentzat ahalik eta denbora laburrenean eskuragarri egongo direla ziurtatuz".

Nabarmendu dute erabiltzaileek eta klubek hobekuntza horien plangintzaren erdigunean egon behar dutela, "obrek haien jardueran eraginik izan ez dezaten". Hori dela eta, "etorkizunean atzerapenak saihesteko eta proiektuak behar bezala gauzatzen direla bermatzeko", EAJk 2025-2026 aldirako inbertsioen zerrenda zehatza aurkeztu du. Haien esanetan, honako epe hauetan egingo lirateke:

  1. LED argiztapen-instalazioa Uarkapen.
    Kronograma: 2025eko udarako aurreikusitako aldaketa, San Juan txapelketa amaitu ondoren. Pleguak otsailean onartu beharko lirateke, eta apirilean esleipena.
  2. Iturripeko eta Musakolako ateen sareak berritzea.
    Kronograma: 2025eko urtarrila.
  3. Boulderraren birgaitzea Uarkapen.
    Kronograma: Pleguen onarpena 2025eko martxoan, esleipena maiatzean, eta berritzea ekainean.
  4. Aire girotua hobetzea Mojategiko bulegoetan.
    Kronograma: Pleguen onarpena otsailean, esleipena apirilean eta berritzea 2025eko ekainean.
  5. Iturripeko zelaietan argiztapenerako hurbileko sentsoreak instalatzea.
    Kronograma: 2025eko Aste Santuan. Horretarako, materiala otsailean erosi beharko litzateke.
  6. Mojategiko teilatua konpontzea, baloiak harrapatuta gera ez daitezen.
    Kronograma: 2025ean hainbat aukera ebaluatzea, 2026ko otsailean pleguak onartzea, 2026ko apirilean esleitzea eta 2026ko udan gauzatzea.
  7. Musakolan kardio-eta muskulazio-eremua integratzea, bulegoa eta biltegia eraitsiz.
    Kronograma: Proiektua 2025ean garatzea eta 2026an gauzatzea.
  8. Mojategiko eserlekuak berritzea.
    Kronograma: Eserlekuak erostea 2026ko martxoan eta gauzatzea 2026ko udan.
  9. Mojategiko aldageletako lurzorua ordeztea.
    Kronograma: Pleguak 2026ko martxoan onartzea, 2026ko maiatzean esleitzea eta 2026ko udan gauzatzea.
  10. Mojategiko instalazioetan hesien altuera handitzea.
    Kronograma: proiektua 2025ean egitea eta 2026an gauzatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak