Aitziber Aranburuzabalak, Goienako kazetariak, gidatu du 'Azken portuko postdatak' liburuaren aurkezpena, idazle biak, John Andueza eta Asel Luzarraga, ondoan dituela. Elkarlanari buruz galdetuta, Anduezak erantzun du hasieratik zuela buruan bi lagunen artean idaztea liburua eta pentsatzen hasita, Luzarragarekin gogoratu zela: "Behin esan zidan argitaletxeko bateko ordezkari batek ez zituela Asel eta ni besteko ezberdinak diren beste bi idazle. Horrekin akordatu eta Aseli proposatu nion asmoa".
Eta Luzarragak baietz erantzun. "Ideia gustatu zitzaidan. Bi lagunek elkarri euren bizimoduaren berri kontatzen diote gutun bidez, eta gu izan gara gutun horiek idatzi dituztenak. Bakoitzak bere aldetik, bere etxetik, besteak zer erantzun edo idatziko zuen jakin barik. Elkarri gutuna bidali, irakurri, eta erantzun".
Horixe da Azken portuko postdatak liburuaren ezaugarria. Aia eta Mon dira liburuko bi lagunak, biak Azken Portu herrikoak, baina bat kanpora joan zen herria utzita. Gutunak idazten hasi dira elkarri, bakoitzak bere bizimoduaren berri emanez elkarri, gai asko jorratuz.