Elkarretaratzea amaitu ostean irakurritako komunikatuarekin irmo gaitzetsi dute zapatu arratsaldean Pasaian gertatutako erailketa matxista: "2024an indarkeria matxistak Euskal Herrian uzten digun seigarren erailketa matxista da", gogoratu dute.
Senide, lagun eta gertukoei babesa eta elkartasuna adieraztearekin batera, indarkeria matxista egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela azpimarratu dute. "Astebete besterik ez da igaro kaleak hartu genituenetik azaroaren 25ean nahikoa dela aldarrikatzeko, baina erailtzen jarraitzen gaituzte. Emakume izanagatik erailtzen gaituzte. Eta hemen inor ez da ari beharrezko ardurarik hartzen!", esan dute.
Instituzioen pasibotasuna salatu dute: "Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria entzun dugu protokoloak ondo funtzionatzen duela esaten. Zer da ondo funtzionatu duena? Leonorrek salaketa jarria zuen eta indarkeria matxistaren espedientea zabalik izan zuen urte batzuetan. Baina salatu zuen gizon horrek berak erail du Leonor. Nola egin dezake Emakundeko zuzendariak balorazio hori?".
Sistema matxista sistema oso batek babesten duela eta emakumeen bizitzako alor guztietan eragiten duela gaineratu dute: "Indarkeria matxistari aurre egiteko lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu. Gure bizitzak baitaude jokoan (...) Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa feminista izango direla gure tresna eraginkorrenak. Feministok erantzuteko prest gaude eta antolatzen jarraituko dugu eraso guztiak salatuz: lotsa eta beldurra bandoz aldatu arte, eta martxan jarraituko dugu elkarrekin borrokan denak aske izan arte!".
Arrasaten moduan elkarretaratzeak izan dira gaur iluntzean Debagoieneko beste zenbait herritan.