Greba feminista orokorraren lehen urteurrenean, egindako bidea izan dute hizpide Arrasaten

Txomin Madina Milikua 2024ko aza. 30a, 18:07

Gaur, azaroak 30, urtebete bete da zaintzaren auzia erdigunean jarri asmoz Euskal Herri mailako greba feminista orokorra egin zela. Hori aprobetxatuz, eta ordutik hona egindako bidearen berri emateko ekitaldia egin dute Arrasaten Denon Bizitzak Erdigunean asanbladak deituta.

2023ko azaroaren 30ean egin zen Euskal Herrian fokua zaintzaren gainean jarri zuen Euskal Herri mailako greba feminista orokorra, eta hori horrela, Arrasateko Denon Bizitzak Erdigunean asanbladak antolatutako ekintzak egin dituzte eguerdi partean Seber Altube plazan. "Ordutik hilean behin egin ditugun asanbladekin-eta akaso ez gara hain ikusgarriak izan kalean. Hala, kalea hartu nahi genuen berriz ere, eta azken urtean egin duguna erakutsi. Mokadutxo batekin borobildu gura izan dugu ekitaldia", azaldu du Denon Bizitzan Erdigunean lantaldeko Lide Ansoategik.

Izan ere, iaztik hona errolda eskubidearen bueltako lanketan murgilduta ibili dira. "Joan den urtean zaintza erdigunean jartzeko eskatzeko irten ginen kalera eta horrekin batera herri akordio bat ere ekarri genuen  hainbat aldarrikapenekin. Horiek aztertu eta lehentasunak markatu genituen, eta errolda-eskubidean zentratzea erabaki genuen. Ohartu ginen batzuentzat tramite sinple bat den bitartean, beste batzuentzat izugarrizko gatazka dela, baita beste mila eskubide oztopatzen dituena era", adierazi du Ansoategik. Hala, beste herri batzuetako ereduak aztertu dituzte eta Ekin Emakumeak bezalako taldeekin zein Arrasateko udalarekin errolda sozialaren eta errolda errealaren inguruko lanketa ari dira egiten. Behin erroldarekin lotutakoak bukatutakoan, herri akordioan aipatutako beste puntu batzuei heltzeko asmoa ere adierazi dute; esaterako, etxebizitza.

Hurrengo asanblada, abenduaren 11an

"Olatu handi batekin hasi ginen, eta mugimenduak urte honetan zehar momentu hobeak eta baxuagoak izan ditu, baina espero dugu urteurrenak jendea animatzeko aukera izatea", gaineratu du Ansoategik, eta zentzu horretan, iragarri hurrengo asanblada irekia abenduaren 11an izango dela, Kulturaten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak