'Marco' filma emango dute asteburuan Arrasaten, eta domekan Aitor Arregi joango da aurkeztera

Julen Murua Mesonero 2024ko aza. 28a, 08:24

Zapatuan, domekan eta astelehenean emango dituzte saioak Amaia antzokian, 19:30ean. Aitor Arregi zuzendari oñatiarra domekan egongo da filma aurkezten eta bukaeran ikusleen galderak erantzuten.

Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako Marco pelikula ikusgai egongo da asteburuan Amaia Antzokian. Veneziako 81. Zinemaldian estreinatu zen filma, abuztuan, eta ordutik mundu mailako beste hainbat festibaletan ere bota dute pelikula. Arregi bera Amaia Antzokian egongo da domekako saioan eta hasieran egingo duen aurkezpen batez gain, saioaren amaieran galdera eta erantzunetarako tarte bat ere egongo da. Saio guztiak 19:30ean izango dira eta sarrerak salgai daude arrasate.eus webgunean 5 euroren truke zapatuan eta domekan, eta 4 eurotan astelehenean.

Harrerarekin "pozik"

Pelikula estreinatu zenetik hiru hilabete igaro dira dagoeneko, eta Arregik dio "pozik" dagoela lanak izan duen harrerarekin: "Abuztuan Veneziako Zinemaldian egon ginen, eta ostean, Donostiakoan. Leku batean zein bestean pelikula bultzatu egin dela uste dut eta pozik gaude izaten ari den harrerarekin". Gainera, jendea "zinera joatea" ere pozgarria dela dio Arregik, eta ikusleek "pelikulak zer pentsatu ematen duela, baina aldi berean entretenigarria ere badela" aitortu diote zuzendari oñatiarrari.

Pelikula berri batekin lanean

Marco pelikularen aurkezpenarekin bueltaka badihardu ere, hurrengo pelikula batekin lanean hasita dago, dagoeneko, Arregi. Oraindik ezer gutxi aurreratu dezakeen arren, "ilusio handia" egiten dion lan bat dela aitortzen du oñatiarrak: "Beste pelikula bat prestatzen ari gara. Filmaketa lanak egin genituen Maspalomasen, Kanaria Uharteetan, eta orain Urduñan ari gara grabaketa lanak egiten. Oraindik ezin dizuegu askorik aurreratu, baina esan dezakedana da euskarazko pelikula bat dela eta ilusio handia egin digula, istorio oso berezi bat kontatzen duen lan bat delako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak